Síguenos en redes sociales:

Gasteizko Udalak 385.900 euro inbertitu ditu Olaranbeko 3. futbol zelaiko belar artifiziala ordezkatzeko

Gasteizko Udalak 385.900 euro inbertitu ditu Olaranbeko 3. futbol zelaiko belar artifiziala ordezkatzekoUtzitakoa

Gasteizko Olaranbeko instalazioetako 3. futbol zelaiak itxura berria du dagoeneko, amaitu baitira belar artifiziala ordezteko obrak, instalazioetan beste hobekuntza batzuk egiteaz gain. Gasteizko Udaleko Hiri Ereduaren Sailak 385.932 euro inbertitu ditu berdegune osoa aldatzeko (BEZ barne), hau da, azken belaunaldiko belar artifiziala jartzeko lehendik zegoenaren ordez. Mondo Ibérica S.A. enpresak azken 12 asteetan egin ditu obrak.

Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez, Olaranbeko zelai eraberrituko geruza berdearen berrikuntza nabarmenena da oinarri elastiko aurrefabrikatu baten gainean instalatuta dagoela, eta ez, orain arte bezala, kautxuzko edo hondarrezko ohiko betegarrien gainean.

Hiri Ereduaren zinegotzi Borja Rodriguezek adierazi duenez, "azken belaunaldiko materialarekin egindako jarduera da, hala nola dentsitate handiko polietilenoarekin. Tonu berde argi eta ilunak ditu, estetika ahalik eta naturalena izan dadin eta bertan partidak jokatzen dituzten jokalariengan arriskuak saihesteko".

Belar artifiziala berritzeaz gain, beste jarduketa batzuk ere egin dira instalazioan, esaterako, hegalak handitu dira aulkien eremuak espazio gehiago izan dezan, ateak ordezkatu dira, eta babes sare berri bat jarri da iparraldeko eremuan. Era berean, jokalekua inguratzen duten kanaletak aldatu dira, eta sei kanoidun ureztatze sistema berria jarri da.

Udal futbol zelaietako inbertsioen egutegiari jarraituta, hurrengo lanak Zaramagan eta Adurtzabalen egitea aurreikusi da. Obrak esleitu dira dagoeneko eta laster ekingo zaie lanei. Bi zelaiak eta instalazioak modernizatzeko lanek 962.020,20 euroko inbertsio globala eskatuko dute (BEZ barne), eta bukatutakoan, Zaramagak eta Adurtzabalek ere azken belaunaldiko zelai modernoa izango dute jokorako.