Kontsumobidek Kontsumoko Euskal Institutuak 'Ez jarri kontsumoa jokoan' kanpaina berria antolatu du martxoaren 15ean ospatuko den Kontsumitzaileen Nazioarteko Eguna dela eta, Euskadiko kontsumitzaileen eskubideei buruzko informazioa, prebentzioa eta horien erabilera indartzeko helburuarekin.
Ana Sanchez Herraez, Kontsumobideko zuzendariak, kanpainaren aurkezpenean gogorarazi du Kontsumitzaileen Nazioarteko Eguna martxoaren 15ean ospatzen dela, 1962ko egun horretan AEBko presidentea zen John F. Kennedyk kontsumitzaileen oinarrizko eskubideak aldarrikatu zituela bertako Kongresuaren aurrean lehen aldiz, mugarria izanik ondasunak eta zerbitzuak eskuratzen dituztenen nazioarteko babesean.
Testuinguru horretan, Kontsumobidek data sinboliko hori baliatu du herritarrei mezu argi bat helarazteko: 'Ez jarri kontsumoa jokoan'. "Gero eta digitalagoa eta globalizatuagoa den merkatu batean, kontsumitzaileek arreta handiagoa eskatzen duten egoera berriei egin behar diete aurre: beti xehetasunez irakurtzen ez diren kontratuak, jarkiezinak diruditen eskaintzak edo automatikoki berritzen diren harpidetzak", azaldu du Sanchezek.
"Kanpainaren helburua argia da: kontsumitzaileak ahalduntzea, erosketa erabakiak kontrola ditzaten eta ekonomia bidezkoagoa eta gardenagoa lortzen lagun dezaten", adierazi du Kontsumobideko arduradunak
Errealitate horren aurrean, Kontsumobideren kanpainak kontsumo arduratsuko eta informatuko ohiturak hartzearen garrantzia nabarmenduko du, herritarrek erabakiak segurtasun eta ezagutza handiagoarekin hartzeko aukera izan dezaten.
ESKUBIDEAK
Ekimenaren bidez, kontsumo erakundeak gogorarazi du egunero lan egiten duela herritarrei kontsumitzaile gisa dituzten eskubideen berri emateko, kontsumoarekin lotutako gatazkak konpontzen laguntzeko, kontsumo arloko prestakuntza eta hezkuntza sustatzeko eta kontsumo arduratsu eta iraunkorraren garrantziaz sentsibilizatzeko.
Aurten, Kontsumitzaileen Nazioarteko Egunaren ospakizuna ostiralera aurreratuko da Euskadin, martxoaren 13ra. Egun horretan, Kontsumobidek standak jarriko ditu Gasteizen, Bilbon eta Donostian, herritarrei gomendatzeko erosi aurretik informazioa aztertu, kontratuen letra txikia irakurri, kontsumo kontzientearen aldeko apustua egin eta, beharrezkoa denean, erreklama dezaten.
"Kanpainaren helburua argia da: kontsumitzaileak ahalduntzea, erosketa erabakiak kontrola ditzaten eta ekonomia bidezkoagoa eta gardenagoa lortzen lagun dezaten", adierazi du Kontsumobideko arduradunak.