Síguenos en redes sociales:

Gasteizko 21 Zabalguneak Goikolarrako lursail baten salmenta esleitu du etxebizitza librea eraikitzeko

Orubea erosteko eskaintzak aurkezteko epea urtarrilaren 30ean amaitu zen

Gasteizko 21 Zabalguneak Goikolarrako lursail baten salmenta esleitu du etxebizitza librea eraikitzekoUtzitakoa

Gasteizko 21 Zabalgunea udal sozietatearen administrazio kontseiluakGoikolarran etxebizitza librea eraikitzeko lursail baten salmenta esleitu du. Udal hirigintza sozietatearen jabetzako lurzatiak 2.270,24 metro koadroko azalera du, eta orubeari 1.590 metro koadroko aprobetxamendua dagokio, bizitegi erabilera kolektibo librerako, Borja Rodriguez 21 Zabalguneko presidenteak zehaztu duenez.

Orubea erosteko eskaintzak aurkezteko epea urtarrilaren 30ean amaitu zen, eta hiru izan dira prozesuan parte hartu duten enpresak. Gutun azalak aztertu eta baloratu ondoren, 21 Zabalguneko administrazio kontseiluak Construcciones Pérez de San Román-Caserío Garzabal enpresa elkarteari esleitu dio salmenta. 19. sektorean dagoen orubearen jabe berriek 2.637.000 euroko eskaintza aurkeztu dute 25 etxebizitza libre inguru eraiki ahal izateko.

Esleipendunak eraikuntza obrak egiteko lizentzia eskatu beharko dio Gasteizko Udalari, gehienez ere 18 hilabeteko epean, salerosketa kontratua edo eskritura sinatzen denetik zenbatzen hasita, berehalako ordainketa eskaintzen badu, eta gehienez ere bost urteko epean amaitu beharko ditu eraikitze lanak, obra lizentzia eskatzen den egunetik zenbatzen hasita.

Bestalde, 21 Zabalgunea sozietatearen administrazio kontseiluaren bilkura berean, Zabalganako Sofia Erregina hiribidean dagoen lokal bat erosteko eskubidearekin alokatzea erabaki dute. Gainera, auzo berean, egungo maizterrak Arkupedun plazan dagoen beste lokal bat erosteko aukera exekutatzeko egindako eskaera onartu da.