Gasteizko Udalak 152.469 euroko (BEZa barne) kontratua esleitu du Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzurako (PSISZ) arropa eta ekipamendu berriak hornitzeko. Horri esker, zerbitzuko langileek egunero erabiltzen duten materiala modu esanguratsuan berritu ahal izango da, eta esku-hartzeetan haien segurtasuna eta eraginkortasuna indartu.
Lizitazioak arropa eta osagarrien zortzi sorta biltzen zituen guztira. Loteetako bat hutsik geratu da: sare termikoekin lotutakoa, eskaintzetako batek ere ez baitzituen betetzen pleguan ezarritako baldintzak. PSISZko Zerbitzu Teknikoek materialen kalitatea, ergonomia, eta arropa bakoitzaren erabilgarritasuna eta diseinua ebaluatu dituzte, bai eta pleguan ezarritako preskripzioak zorrotz betetzen diren ere.
Prozesu horren ondoren, zerbitzuan erabili ohi diren hainbat jantzi esleitu dira, hala nola esku-hartzeetarako eskularruak, suaren aurkako buru-berokiak, mahuka labur eta luzeko laneko kamisetak, parkerako prakak eta erreskate teknikorako galtzak. Urban Tecnology S.L.ri esleitutako eskularruak izan ezik, gainerako jantzi-sortetan Protec Solana SL enpresak aurkeztutakoak izan dira eskaintza onenak. Aukeratutako proposamenek ezaugarri hauek biltzen dituzte: gorputzera ondo egokitzen dira, ehunen kalitatea, mugitzeko erraztasuna eta lan-baldintza zorrotzetan espero den iraunkortasuna.
Basoko kaskoen kasuan, Urala Solutions enpresak egindako eskaintza izan da esleipenduna. Aireztapen eraginkorra, pisu txikia, doitzeko aukera handiak eta ikuspen handia eskaintzen dituen modeloa da.
Guztira, arropen eta elementu osagarrien artean, 1.500 pieza emango dizkiete. Kontratua sinatzen dutenetik zenbatzen hasita, horiek entregatzeko 60 eguneko epea ezarri da.