Síguenos en redes sociales:

Bizikleta bidezko mugikortasunean munduko 30 hiri aurreratuenen artean dago Gasteiz

Arabako hiriburua 27. postuan dago ebaluatutako eta aurrez hautatutako 144 hirien artean

Bizikleta bidezko mugikortasunean munduko 30 hiri aurreratuenen artean dago GasteizUtzitakoa

Bizikleta bidezko mugikortasunean munduko 30 hiri aurreratuenen artean dago Gasteiz, 'Copenhagenize Index 2025' hiriko bizikletaren esparruan eragin handiena duen nazioarteko sailkapenaren arabera. Zehazkiago, Arabako hiriburua 27. postuan dago ebaluatutako eta aurrez hautatutako 144 hirien artean, eta zerrendan sartu den Espainiako Estatuko lehen hiria da, Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez.

Horrela, Gasteiz "nazioarteko erreferentziazko hirietatik oso gertu" dago, hala nola Stockholm (26.a), Lyon (14.a), Estrasburgo (13.a) edo Munichetik (17.a). Gainera, garrantzi handiko beste hiri batzuen aurretik dago: Vancouver (30.a), Brusela (32.a), Londres (33.a), Manchester (34.a), Bartzelona (42.a) edo Glasgow (46.a).

"Posizionamendu horrek Gasteizen aurrerapena baieztatu eta bizikleta bidezko mugikortasunean munduko mapan kokatzen du", nabarmendu dute Gasteizko Udaletik.

'Copenhagenize Index' txostenak azpimarratu du Gasteiz eraldaketa jasangarria bultzatzen ari diren hirien taldeko kidea dela, azpiegitura, segurtasuna, zerbitzuak, plangintza eta herritarren parte hartzea uztartuz. Bilakaera horrek bizikleta normalizatzen du joan-etorrietarako eguneroko garraiobide eta bizi kalitatea hobetzeko zuzeneko tresna bezala.

Aurrerantzean, Gasteizko Udalak Mugikortasun Jasangarriaren eta Espazio Publikoaren Planean ezarritako ardatz estrategikoak indartzen jarraituko du, hau da, bizikleta sarea zabaltzea, zirkulazioa baretzea, mugikortasun aktiboa bultzatzea, bide segurtasuna hobetzea eta bizikletaren eguneroko erabilerarako lagungarriak izan daitezkeen zerbitzuak sortzea.

Apustu horren ondorioz, Gasteiz "nazioarteko erreferentea da mugikortasun jasangarriari dagokionez", eta aitortza berriak ere hala bermatuko du aurrerantzean.