Gasteizko Udalak Errekatxiki pasealekua birnaturalizatu eta biziberrituko du Judimendi auzoan, 'Hobetuz' programaren barruan. Lanek 265.730 euroko inbertsioa eta bost hilabeteko gauzatze epea dituzte, eta igarotzeko espazio bat "pasealeku berde, aktibo eta bizikidetzarako pentsatua bihurtuko dute".

Hala jakinarazi dute proiektuaren aurkezpenean Beatriz Artolazabal Gasteizko alkateorde eta Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak eta Miren Fernandez de Landa Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotziak.

'Gasteiz Hobetuz' programaren baitan bildutako esku hartzea da, eta, horren bidez, gaur egun batez ere pasatzeko erabiltzen den espazioa "toki bizi, atsegin eta auzokoek egunero erabili ahal izateko egokia bihurtu nahi da".

Federico Baraibar eta Sutaustegi Zaharreko kaleen arteko zatian egingo dira lanak, Judimendi parkearen ondoan eta ikastetxetik gertu. Hori dela eta, jende asko ibili ohi den eta auzoarentzat balio handia duen gunea da.

Diseinu berriak birnaturalizazioaren eta erosotasunaren aldeko apustua egiten du, itzalguneak, jarduera eremuak eta atseden hartzeko guneak uztartuz. Altzariak berritu eta zuhaitz eta lore-zuhaixka berriak landatuko dira bertako parterretan, testura, kolorea eta biodibertsitatea emateko.

Halaber, espazioak berrantolatuko dira erabilera desberdinak eta bateragarriak eskaintzeko. Haurrentzako guneak zurezko jolas inklusiboak izango ditu, mugimendua, jolas sinbolikoa eta irudimena sustatzeko diseinatuta; elementu horien artean daude piraten itsasontzia, arrapala eta sarea izango dituen dorrea, pendulu zabu bat, oreka eremuak eta enbor naturalak. Hori guztia egurrezko hesi baxu batekin mugatuta jarriko da.

Elementu bioosasungarriak eta adinekoek eta helduek ariketa fisiko moderatua egin ahal izateko gailuak ere izango dira: besoetarako bizikletak eta bizikleta pedaldunak, bankuan jarritako pedal bikoitzak eta luzaketak egiteko modulu bat.

PASALEKUA

Pasealekuaren erdialdean, rokodromo horizontal bat egongo da; bost metroko luzera izango du, eta segurua eta haurrentzat zein helduentzat egokia izango da. Zaintzailerik egongo ez denez, rokodromoaren diseinuak altuera saihestuko du eta mugimendu, oreka eta indarrarekin lotutako gaitasunak garatzera bideratuko da.

13 urtetik gorakoentzako kalistenia elementuak jarriko dira

Horren ondoan, 13 urtetik gorakoentzako kalistenia elementuak jarriko dira, aire zabaleko kirol ardatz txiki bat sortzeko. Rokodromoa ipiniko den horma mural artistiko geometriko batez apainduko da, eta horrek nortasun bisuala emango dio multzoari eta ekipamendua ingurunean integratuko du.