Gasteizko Udalak 237 jarduera eskainiko ditu 'Hirian hezi' programan ikasturte berrian
Hiru multzotan egingo da lan: Kultura-adierazpena eta podcast baten ekoizpena, Bizikidetza eta berdintasuna eta telebista albistegi baten ekoizpena, eta 'Gu, gazte' eta bideo baten ekoizpena
Gasteizko Udalak 237 jarduera antolatu ditu Hirian hezi programaren baitan 2025-2026ko ikasturterako, eta horietako hamar berriak izango dira, Sonia Diaz de Corcuera Hezkuntza arloko zinegotziak aurkezpenean iragarri duenez.
Azaldu duenez, "udalaren hezkuntza jarduerak hezkuntza formalari laguntzeko sortu ziren. Hezkuntza sistemaren osagarri diren proposamenak dira, berez eskolakoak ez direnak, eskola ordutegiaren barruan egiteko pentsatuak eta ikastetxeen curriculum proiektuetara egokituak".
"'Gasteiz Hiri Hezitzaile gisa' garatzearekin batera, eskaintza hori zabaldu egin da, eta eskola eremutik haragoko beste kolektibo batzuetara ere iritsi da, hala nola elkarteetara, BIZANera, euskaltegietara, zentro okupazionaletara edo biztanleria orokorrera", gaineratu du.
Bada, berrikuntzen artean dago 'Gasteiztxo+' hezkuntza mediatikoko programaren berritzea. Gasteizko Udalak Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) orientazioa izan du horretarako, eta aurrerantzean hausnarketa kritiko eta hizkuntza gaitasunari, gaitasun digitalari eta ingurunearen ezagutzari modu praktikoan lotutako edukiak landuko dituen ekimena izango da.
Gainera, jardueraren zati handi bat ikastetxetik kanpo garatzen denez, ikasleek zuzenean jardun ahal izango dute hiri eta gizarte ingurunearekin, ulermen sakonagoa bultzatuz eta ikasleen parte hartze aktiboa sustatuz.
Zehazkiago, hiru multzotan egingo da lan: Kultura-adierazpena eta podcast baten ekoizpena, Bizikidetza eta berdintasuna eta telebista albistegi baten ekoizpena, eta 'Gu, gazte' eta bideo baten ekoizpena.
Programan egindako inbertsioa 157.740 euro gehiagorekin indartu da, eta, horrela 304.480 euroko aurrekontura iritsi da, bi ikasturterako.
Era berean, bizikidetzaren eta aniztasunaren eremuan ere jarduera berriak sartu dira: 'Mugitzen ari den mundua' eta 'Aniztasunaren aldeko gazteak'. Lehenengoan ikaskuntza eta hausnarketa tailer kolektiboak izango dira, eta gazteek gizarte justuago eta kohesionatuago bat eraikitzeko tresnak eskuratuki dituzte.
Temas
Más en Gasteiz
-
El Día de Olarizu regresa el lunes con tradición, naturaleza y actividades festivas
-
Gasteizko AEK eta Armentia ikastola elkarlanean ariko dira guraso etorri berriek euskara beregana dezaten
-
La piscina olímpica exterior de Mendizorrotza permanecerá abierta hasta el 28 de septiembre
-
El Ayuntamiento de Vitoria lanza ayudas al comercio de hasta 12.000 euros por el traspaso de negocios