EKB Araba eraldaketa komunitarioko bulegoak komunitate energetikoei buruzko jardunaldiak antolatu ditu irailerako Aiaran eta Añanan industria sektoreko enpresentzat. Lehenengo saioa irailaren 10ean izango da Laudioko Arraño aretoan, eta bigarrena Añanako enpresentzat izango da, sarean, hilaren 24an.

Topaketen helburu nagusia da "Aiarako eta Añanako enpresei komunitate energetikoak sortzearen bideragarritasuna ezagutaraztea trantsizio energetikoa eta deskarbonizazioa bultzatzeko eta haien banakako lehiakortasuna hobetzeko, industrialdeetan tokiko energiaren sorkuntza elkarlanean kudeatuz", azaldu du Saray Zarate Arabnako Aldundiko Ekonomia Garapen eta Jasangarritasun diputatuak.

EKB Araba bulegoak antolatu ditu topaketak. Herritarrek, udalek, administrazio batzarrek, kuadrillek eta ETEek egindako 200 kontsulta ingururi erantzun die bulegoak abiatu zenetik, komunitate energia abiatzeari, komunitate energetiko batek egin ditzakeen jardueren tipologiari, komunitatearen gobernantza, sustapen eta garapenari, finantzaketari eta laguntzei buruzkoak, besteak beste.

FUNTZIONAMENDUA

Eguzki teknologia fotovoltaikoari, haren funtzionamenduari eta autokontsumo modalitateei buruzko kontsultak ere izan dira, bai eta komunitate energetikoen barruan bideragarritasun tekniko-ekonomikoa aztertzeko eskaerak ere.

Zaratek nabarmendu duenez, gaur egun, gero eta talde gehiagok dute interesa edo eman dute jada lehen pausoa komunitate energetiko bat sortzeko, eta "EKBren aholkularitza pertsonalizatuko zerbitzuak aprobetxatzen ari dira iturri berriztagarrietatik sortutako energia propioa sortzeko proiektuak bultzatzeko".

EKB Araba bulegoak 38 jardunaldi egin ditu herritarrentzat komunitate energetikoak ezagut ditzaten, bai eta tailer espezifikoak ere.