Síguenos en redes sociales:

Sirimiri Servicios Socioculturales enpresak irabazi du Gasteizko Bizan sareko programak kudeatzeko lehiaketa

9.564.500 euro inbertituko ditu datozen bi urteetan mendekotasuna prebenitzea eta erabiltzaileen autonomia eta partaidetza soziala sustatzea helburu duten programetan

Sirimiri Servicios Socioculturales enpresak irabazi du Gasteizko Bizan sareko programak kudeatzeko lehiaketaUtzitakoa

Bizan sareko programak eta zerbitzuak kudeatzeko kontratua Sirimiri Servicios Socioculturales S.L. enpresari esleitzea onetsi du ostegun honetan Gasteizko Udaleko gobernu batzordeak, Gizarte Politiken Sailak hala proposatuta. Gaur egun ere enpresa horrek egiten ditu lan horiek eta lehiaketa publikora aurkeztu den bakarra izan da.

Gasteizko Udalak jakinarazi duenez, 9.564.500 euro inbertituko ditu datozen bi urteetan mendekotasuna prebenitzea eta erabiltzaileen autonomia eta partaidetza soziala sustatzea helburu duten programetan.

Kontratuari esker, Bizan sarean gauzatzen diren programak, zerbitzuak eta jarduerak garatu daitezke. Auzoetan banatuta dauden 16 zentrok eta Florida parkean dagoen Bizan info bulegoak osatzen dute sarea, eta 60 urteko edo gehiagoko pertsonentzako eskaintza egiten du, era askotako jarduera eta lantegiekin, eta kafetegi, jantoki, podologiako kontsulta eta ile apaindegiekin.

Bizan Gizarte Politiken Udal Sailaren baliabideetako bat da eta ahalik eta denbora gehienean eta ahalik eta egoera onenean adinekoak beren ingurunean mantentzen laguntzeko helburu orokorrera bideratzen du jarduera. Zaintzarako, autonomia sustatzeko eta bizimodu osasungarriak izateko espazioak sustatzen dira sarean.

Izan ere, Lucho Royero Gizarte Politiken zinegotziak adierazi duenez, "mendekotasunaren prebentzioa eta zahartze aktiboa funtsezko jarduera ardatzak dira Bizanek garatzen duen lanean".

"Oinarrizkoa da biztanleriaren sektore horren partaidetza soziala sustatzea, eta hori, adibidez, belaunaldien arteko ekimenen bidez eta jarduera sortzaileak deitzen zaien horietan beren ezagutza eta esperientzia balioestea ahalbidetzen duten ekimenen bidez lortzen da. Haien inguruko irudi sozial errealista hedatu nahi dugu: herritar aktiboak direla erakutsi", gaineratu du.