Gasteizko Jazz Jaialdiak 48. edizioko denda inauguratuko du astearte honetan, ekainaren 24an, Arabako hiriburuko Europa jauregian, zaleei aurrez aurre arreta emateko asmoz.
Antolakuntzak jakinarazi duenez, denda Europa jauregiko atari nagusian egongo da, jaialdiaren aurtengo egoitza berrian, uztailaren 14tik 19ra arratsaldeko kontzertuak egingo baitira bertan.
Mendizorrotzeko kiroldegiko eta Europa jauregiko kontzertuetarako sarrerak eta abonamenduak erosi ahal izango dira dendan, baita 48. ediziorako esklusiboak diren kamisetak ere.
Dendaren ordutegia 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara izango da astelehenetik ostiralera, eta asteburuetan Europa jauregiaren jarduerara egokituko da. Jaialdiak gogorarazi du www.jazzvitoria.com webgunean ere sarrerak eros daitezkeela.
BESTE SAIO BATZUK
Bestalde, Gasteizko Montehermoso Kulturuneak Abel Azcona arte garaikidearen "nazioarteko ahotsik erradikalenetako eta konprometituenetako baten" 'Familiaren Monumentua' erakusketa irekiko du Ur Biltegian. Dani Castillejoren kuratoria duen erakusketak Azconaren lan eta performance multzo esanguratsu bat biltzen du.
Artelan horiek artistaren ibilbidea zehaztu dute azken urteetan, eta "erabat autobiografikoa, politikoa eta erraietakoa den lan corpusa" osatzen dute, aurkezpenean azaldu dutenez.
'La savia', 'Empatía y prostitución', 'Exégesis de la madre' edo 'Volver al padre' moduko lanekin, erakusketak Azconaren lana zeharkatu duten funtsezko ardatzak jorratzen ditu, hal nola haurtzaroa, gorputza, egiturazko indarkeria, trauma, identitatea eta erresistentzia.
'Monumento a la Familia' erakusketa osatzeko, 'Archivo Azcona. Proyecto para un monumento' ere izango da ikusgai Jovellanos aretoan. Erakusketak material ugari biltzen du, artistak bere bizitzan zehar bildu duen ikus-entzunezko piezaren batekin batera.
Inaugurazioa ostiralean izango da, ekainaren 27an, 19:00etan, eta artista bertan izango da. Bi erakusketak irailaren 28ra arte egongo dira zabalik, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara asteartetik larunbatera eta 11:00etatiuk 14:00etara igande eta jaiegunetan (astelehenetan itxita).