Gasteizklo Udalak Goikolarra eta Olarizu auzoen arteko lotura eraldatzeko lanak hasi ditu, segurtasuna indartzeko eta oinezkoen eta txirrindularien joan-etorriak errazteko asmoz.

Herritarren partaidetzarako Vitoria-Gasteiz Hobetuz programaren baitan sustatutako esku hartzea da, eta herritarrek aspaldi egindako eskaerari erantzuteta dator.

"Ingurune horri azpiegitura atseginagoa, seguruagoa eta irisgarriagoa emateko urrats garrantzitsua ematen ari gara. Herritarrek aspaldi eskatu duten obra da, eta, gaurtik aurrera, martxan dagoen errealitate izango da", adierazi du Beatriz Artolazabal Espazio Publikoko eta Auzoetako zinegotziak.

Lizitazio prozesuaren ondoren, proiektuak 305.000 euroko inbertsioa du, eta Promociones y Pavimentaciones Balgorza enpresak gauzatuko du. Lau hilabeteko egikaritze epea aurreikusi dute.

Lanak hainbat gune estrategikotan egingo dira, batez ere A-2124 errepidearekiko bi bidegurutzetan, Okariz kalearekin eta Larrea kalearekin dauden elkarguneetan, hain zuzen ere. Bi kasuetan trafikoa baretzeko neurriak aplikatuko dira, hala nola pasabide goratuak ezartzea, espaloiak handitzea eta argiztapena hobetzea, bai eta bidegorri berri bat eta oinezkoentzako gune bereiziak egitea ere, ibilbide seguruagoa eta zuzenagoa bermatzeko.

BALORAZIOA

Artolazabalen hitzetan, "hobekuntza horiek mugikortasun aktiboaren eta pertsonentzat pentsatutako hiri ereduaren aldeko apustu argia dira. Motordun trafikoa murriztea eta joan-etorri jasangarriak lehenestea espazio publiko inklusiboagoaren ikuspegiaren parte dira".

Era berean, Okarizko eta Larreako biribilguneen arteko tartea berrantolatuko da. Noranzko bakoitzean bide bakarra geratuko da, eta, horrela, aparkaleku berriak egin eta bide espazioa hobeto antolatu ahal izango da, ekipamendu publikoetarako eta bizitegi ingurunerako irisgarritasunean arreta berezia jarriz.