Síguenos en redes sociales:

Gasteizko Udalak Herritarren Topaketak abiatuko ditu larunbatean, partaidetza kultura sustatzeko asmoz

Partaidetza kultura "sendoa, zabala eta eraginkorra" sustatzeko asmoz

Gasteizko Udalak Herritarren Topaketak abiatuko ditu larunbatean, partaidetza kultura sustatzeko asmozUtzitakoa

Gasteizko Udalak Herritarren Topaketak izeneko foroa jarriko du martxan larunbatean, maiatzaren 31n, partaidetza kultura "sendoa, zabala eta eraginkorra" sustatzeko asmoz, eta Herritarren Partaidetzarako Zerbitzuak hiriko zenbait elkarte deitu ditu ekimenarekin bat egitera.

Herritarrek gaur egun parte hartzeko dituzten espazioak eta tresnak aztertu eta hobetu nahi ditu Gasteizko Udalak, "partaidetzarako kultura sendoa, zabala eta eraginkorra sustatuz".

Helburu espezifikoetako bat da identifikatzea zergatik kolektibo batzuek ez duten parte hartzen udalerriko herritarren partaidetzarako organoetan. Organo horiek orain arte bezala funtzionatzen jarraituko dute.

Herritarren Partaidetzarako Udal Zerbitzua herritarren partaidetza sustatzeko eta bere tresnak eguneratzeko formulak bilatzen ari da. Horretarako, egungo partaidetza organoak aztertu dira eta, horren ondorioz, modu edo espazio berriak planteatu dira.

Foro berriak oztopoak identifikatu eta kendu nahi ditu, eta ideiak, interesak eta proposamenak eman, partaidetzarako sistema arinagoa eta inklusiboagoa eraikitzen laguntzeko, garai berriekin eta teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerekin bat etorriz.

"Partaidetza eta elkarrizketa ordezkagarriagoak izatea bilatzen dugu, gizartea aldatzen ari delako, eta beharrak ere bai", zehaztu du Miren Fernandez de Landa Gobernu Irekiko eta Gizarte Etxeetako zinegotziak.

Bada, eztabaida prozesua aurrez aurreko bi saiotan gauzatuko da: hasteko, eztabaida saioan proposamenak eztabaidatu eta herritarrek egungo organoetan parte hartzeko hobetu beharreko arloak identifikatuko dira; ondoren, itzulketa saioan, proposamen bideragarriak aurkeztu eta horiek gauzatzeko ekintza zehatzak eztabaidatuko dira.

Eztabaidak dinamizatzeaz eta proposamen argi eta bideragarriak garatzen laguntzeaz arduratuko den talde espezializatu bat izango du Herritarren Topaketak foroak.

"Foro hau aukera paregabea da Gasteizko gizarte eragileek era aktiboan lagun dezaten udalerriko herritarren partaidetza hobetzen, eta, beraz, larunbat honetan beren ikuspuntuak eta ekarpenak partekatzera etortzera animatzen ditut. Ahots guztiak entzun eta errespetatuko dira", gaineratu du Fernandez de Landak.