Gaubeako Schubertiadaren zortzigarren edizioa egingo da uztailaren 4tik 26ra bitartean eta bost kontzertu eskainiko ditu ohi bezala Bachicaboko San Martin eta Tuestako Andra Mariaren elizetan, eta, aurten hirugarren aldiz, baita Espejoko Salbatzailearen elizan ere.

Zikloa aurkeztu dute prentsaurrekoan Ana del Val Arabako Aldundiko Kultura eta Kiroleko foru diputatuak, Gorka Salazar Gaubeako alkateak, Eduardo Fernandez de Pinedo Vital Fundazioaren ordezkariak eta Silvia Pujalte Franz Schubert Elkartearen ordezkariak.

Christoph Pregardien tenore alemanak inauguratuko du Schubertiada uztailaren 4an, Tuestako elizan. Pregardien legenda bat da tenore lirikoen artean eta ospe handia lortu du errezitaldi garrantzitsuetan parte hartzeagatik. Julius Drake handia pianoan lagun duela, Schuberten eta Duparcen kantak interpretatuko ditu.

Uztailaren 5ean, Beth Taylor meszosopranoa izango da Tuestako elizan. Oso goraipatua izan da bere "presentzia txundiagarriagatik, koloratura izugarriegatik eta sakontasun liluragarriagatik". Schubert, Granados, Tailleferre eta Brahmsen konposizioak interpretatuko ditu.

Uztailaren 12an Trio da Vinci hirukotea ariko da Espejoko Salbatzailearen elizan. Maria Floreak (biolina), Blai Bosserrek (biolontxeloa) eta Alex Ramirezek (pianoa) osatzen dute, eta Espainiako musika panoraman ganbera talde nagusietakoa bihurtu da.

Matilda Sterby sopranoak eta Matti Hirvonen piano jotzaileak Grieg, Strauss, Peterson-Berger, Kuula eta Sibeliusen konposizioak eskainiko dituzte ekainaren 19an.

Schubertiadaren 8. edizioa uztailaren 26an amaituko da, Bachicaboko elizan, sokarako seikote batekin: Bernat Prta eta Maria Florea biolinean, Noemi Finez eta Maria Rollo biolarekin eta Blai Bosser eta Oriol Prat biolontxeloan. Schulhoffen bi obra eta Chaikovskiren 'Souvenir de Florence' ezaguna interpretatuko dituzte.

Uztailaren 5, 12, 19 eta 26ko kontzertuetarako bonuak 50 euro balio du, lehen kontzertua abonutik kanpo baitago, eta sarrerak eskuragarri daude tickets.kutxabank.es web orrian.