Hegaztiak, tximeletak eta kultura paisaiak izango dira protagonista nagusiak Arabako parke naturalek udaberrirako antolaturiko egitarauan, Arabako Foru Aldundiko iturriek iragarri dutenez.

Hain zuzen, hegaztien zaleek jarduera eskaintza zabala aurkituko dute udaberrian Arabako zenbait parke naturaletan, familientzako ekintzak antolatu baitira jarduera ornitologiko handieneko hilabeteetan.

Horrela, larunbatean, apirilaren 12an, irteera egingo da Aizkorri-Aratzera, okil beltza bilatzeko, eta maiatzaren 3an, berriz, hegaztien kantuak identifikatzeko tailer bat Aizkorri-Aratzen.

Gainera, hegaztien migrazioari buruzko bi hitzaldi izango dira Aranzadi elkarteko eraztuntze taldearen 75. urteurrena dela eta: bat Gorbeian izango da, ekainaren 1ean, eta bestea Izkin, ekainaren 8an.

Tximeletak ere agendako protagonistak dira, eta askotariko proposamenak daude haien inguruan. Eguneko tximeletak ezagutzeko bi jarduera prestatu dituzte: bata Valderejon, maiatzaren 25ean, eta bestea Aratzen, ekainaren 8an. Gaueko tximeleten inguruko jarduerak ere izango dira, maiatzaren 24an Gorbeian, eta ekainaren 7an Izkin, hain zuzen ere.

Halaber, kultura eta ohiturak parke naturalen funtsaren parte dira, eta, hori dela eta, lanbide eta jakintza tradizionalekin lotutako lau jarduera antolatu dituzte. Maiatzaren 24an eta ekainaren 14an, Izkin, eskualdeko meatze paisaiak ezagutzeko bi irteera izango dira.

Maiatzaren 10ean, Gorbeiako parke naturalera hurbiltzen diren bisitariek artile irute tradizionala praktikatzeko aukera izango dute, eta Aizkorri-Aratzen, berriz, sendabelarren erabileraz arituko dira ekainaren 15ean.

Orobat, ez da faltako jarduera astronomikoa Izkin; ekainaren 8an egingo dute, eta eguzki behaketa izango da. Azkenik, euri garaian gaudela aprobetxatuz, ostiral honetan eta larunbatean gaueko bisitak egingo dituzte Gorbeiako urmaeletara, anfibioak ezagutzeko.

Jarduera guztiak doakoak dira, baina izena eman behar da parke naturalen web orrietan: Valderejo (https://valderejoparkea.eus/eu/), Gorbeia (https://gorbeiaparkea.eus/eu/), Izkiko (https://izkiparkea.eus/eu/) eta Aizkorri-Aratz (https://aizkorriaratzparkea.eus/eu/).