Langabezian zeuden 12 pertsonak enplegua aurkitu dute Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailaren 'Kontrataziorako Laguntzen Programa. Potentzial Handiko Sektoreetako Enplegu Plana' delako deialdiaren lehen fasearen bidez.

Gasteizko Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, proiektu pilotuak enplegua eskaintzen die langabeei, eta laguntza ekonomikoak haiek kontratatzen dituzten enpresei. Hain zuzen, deialdian parte hartu duten enpresek 10.000 euro jasoko dituzte egindako kontratazio bakoitzeko.

Maria Nanclares Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo zinegotziak zehaztu duenez, "abenduaren 12ra arte jasotako eskaerekin lotutako lehen fase honetan 120.000 euro bideratu genituen eraikuntzako eta birgaitze lan jasangarrietako enpresetan langabezian zeuden 12 pertsona kontratatzera".

Kontratatutako pertsonak aurretik Ignacio Ellacuria Udal Ikastegian eraikuntza eta birgaitze jasangarriko prestakuntza ibilbideren bat egindakoak dira. Ikastegia "erreferentziazko baliabidea" da iturgintzako, elektrizitateko, igeltserotza eta pinturako, soldadurako eta metalarekin edo zurarekin lotutako arotzeriako lanbide gaitasuna lortzeko.

Pertsona horiek kontratatu dituzten enpresek itzuli beharrik gabeko 10.000 euroko laguntza bana jasoko dute taldera gehitutako profesional bakoitzeko. Kontratuen gutxieneko iraupena sei hilabetekoa izango da, %80ko edo gehiagoko lanaldiarekin.

Deialdiaren bigarren fasea irekita dago jada, eta diruz lagun daitezkeen kontratazioak 2024ko ekainaren 3tik 2025eko urtarrilaren 15era bitarte egindakoak izango dira. Gasteizko Udalak bi faseetan egingo duen inbertsioa 273.000 eurokoa izango da.

Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak abian jarritako Gasteizko Kontratazioa Sustatzera Zuzendutako Udal Laguntzen Programaren barruan dago laguntza lerroa. Programara 2.500.000 euro bideratu dira 2024-2025 ekitaldian.

Potentzial Handiko Sektoreetako Enplegu Plana Udal Gobernu Taldeak EH Bildurekin 2024rako adostutako aurrekontu akordioan sartuta dago.