Gasteizko Udaleko gobernu batzordeak AENA erakundearekin lankidetza hitzarmena sinatzea onartu du ostiral honetan, Forondako aireportuan hirira heltzen diren bisitarien mugimenduak aztertzeko balioko duten gailuak instalatzeko. Akordioak hiru urteko iraupena izango du.

'Seeketing nodoak' delako tresna Gasteizko aireportuan dagoen turismo bulegoan jarriko da. Horri esker, modu anonimoan detektatu ahal izango dira gailu mugikorrak, "bisitarien inguruko ezagutza hobetu, erakarri eta hirira egindako bisita leial bihurtzeko helburuarekin".

"Sistema horren bidez informazioa eskuratu nahi dugu gero informazioa lortzeko, gure udalerriko zonalde ugarietan dugun pertsonen joan-etorria aztertzeko eta, horren bidez, turismoa eta merkataritza sustatzeko ekintzak planteatzeko", azaldu du Maria Nanclares Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo zinegotziak.

Gailuaren bidez lortutako datuekin, turisten sarrera gune nagusiak aztertu ahal izango dira, eta ondoren, informazio anonimoaren bidez portaera ereduak lortu eta bisitarien profilak eratuko dira.

Bestalde, Uztailaren 15etik 17ra bitartean, Gasteizko Udalak “Misión Posible: Construyendo las ciudades que queremos” ikastaroan parte hartu du Santanderren, Menendez Pelayo Nazioarteko Unibertsitatearen (UIMP) udako ikastaroen barruan antolatutako citiES 2030 ekitaldian. Hirugarren urtez jarraian, Madril, Bartzelona, Valentzia, Sevilla, Soria, Valentzia, Valladolid eta Gasteizek osatzen duten citiES 2030 ekimenak ekitaldi hau antolatu du, Espainian “Hiri adimendunak eta klimaren aldetik neutroak” Europako misioa ezarpenean aurrera egiteko.