Gasteizko Udalak 2.354 plaza eskainiko ditu aurten Udan gozatu! aisialdiko eta denbora libreko jardueren eta hezkuntza esperientzien programan. Programa 4 eta 17 urte arteko adingabeei zuzenduta dago, ekainaren 24tik uztailaren 21era bitarte egingo da, eta izena emateko epea apirilaren 21era arte dago zabalik.

Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Udaleko Hezkuntza zinegotziak astelehen honetan egindako aurkezpenean azaldu duenez, 'Gasteiz Hiri Hezitzailea' proiektuaren baitan Hezkuntza Zerbitzuak koordinatutako sailen arteko programa da 'Udan gozatu!'. Gasteizko Udaleko sei zerbitzuk eta erakundek hartzen dute parte eta 13 proposamen bideratzen dituzte.

Jarduera horien artean bi berri daude aurten. Lehenengoa 'Udaleku ireki konbinatuak' izenekoa da, eta neska-mutilek Gamarrako parkean edo Mendizorrotzeko kirolgunean emango dituzte goizak. Elkarrekin bizitzeko eta era askotako jarduerez eta jolasez gozatzeko aukera izango dute aire zabalean eta igerilekuetan euskararekin harremana duten bitartean.

Bigarren berritasuna 'Naturabentura' izenekoa da. Gazteek Peñalarako aterpetxean hartuko dute ostatu, Navacerradako mendatean, 1.900 metroko altitudean. Ingurua ezagutu eta abentura kirolak egingo dituzte, hala nola rapela, espeleologia edo eskalada. Gainera, naturaz beste erritmo batean gozatzeko aukera izango dute piraguismoaren eta mendi ibilaldien bidez.

Plazak zozketa bidez esleituko dira, eta izena emateko epea apirilaren 21ean amaituko da. Izena emandako guztiek maiatzaren 6an egingo den zozketan hartuko dute parte, plaza egokitzen zaienek jarduera horretako beren izen-ematea formalizatu beharko dute maiatzaren 6tik 15era bitarte, eta maiatzaren 22an argitaratuko dira libre geratutako plazak. Egun horretatik hasi eta ekainaren 2ra bitarte, interesdunek hutsik dauden plazak eskatu ahal izango dituzte.

'Hastapen ikastaroa ur jardueretan' izeneko ekimenaren kasuan, izen-ematea zuzenean egingo da, zozketarik gabe, maiatzaren 13tik aurrera eskainitako plazak agortu arte.

Plazak eskatzeko eta formalizatzeko hiru izango dira: aurrez aurre gizarte etxeetako herritarrei laguntzeko bulegoetan, herritarren arretarako 010 edo 945 161 100 telefono zenbakietan, eta www.vitoria-gasteiz.org webgunean.