Hazkuntza osasuntsuaren aldeko laguntza eta apustua
Udalak hazkuntza osasungarriari buruzko sentsibilizazio-kanpaina jarri du abian
Gasteizko Udaleko Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak hazkuntza osasungarriari buruzko kontzientziazio- eta sentsibilizazio-kanpaina jarri du abian. Ekimenaren helburua da neska-mutil osasuntsuen, libreen eta solidarioen aurrerapena bultzatzeko lanean gurasoei laguntza eta babesa ematea. 2024ko hilabete bakoitzean, Gizarte Politiken Udal Sailak haien garapenarekin lotutako alderdi garrantzitsuei buruzko gogoeta egitera, berriro pentsatzera eta oroitzera bultzatzen duen mezua kaleratuko du.
Kanpaina gurasotasun positiboari buruz Udalak hainbat ekintzarekin bideratzen duen programan sartuta dago. Oraingoan, gomendio edo gogoeta txiki gisa hamabi urrats edo dosi definitu dira, hilabetez hilabete hedatzen joateko. Urtea amaitzean, guztiak bateratuko dituen euskarri batean bilduko dira. Mezuak prestatzeko, Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia fakultateko Haezi-Etxadi taldeak eskainitako laguntza eta aholkularitza jaso dute. Horrek zehaztasun zientifikoa ematen die gomendioei.
“Gurasotasun positiboko mezuak dira eta bide publikoko markesinetan, udal-instalazioetako pantailetan eta hiriko autobusetan, komunikabideetan eta sare sozialetan hedatuko ditugu, hazkuntza osasungarriarekin lotutako mezua pixkanaka barneratzen joan dadin”, azaldu du Raimundo Ruiz de Escuderok, Gizarte Politiken zinegotziak.
Ruiz de Escuderok gehitu duenez, “gomendio horiek praktikan jarrita, errazagoa da gurasoek lotura afektibo handiak eta egonkorrak sortu ahal izatea. Lotura horiek, aldi berean, seme-alabei bizitzari aurre egiteko beharrezko segurtasuna eskaintzen die, gehiegizko babesa ekidinez, frustrazioarekiko tolerantzia sustatuz eta autoestimu positiboa eta sendoa garatuz”. Horren guztiaren bidez, arlo motorrean, kognitiboan, linguistikoan, sozialean eta emozionalean garapen psikologiko osasungarria sustatzen da.
Txikien mundua esploratzen
Hasteko, urtea “Benetako presentzia” izeneko epigrafearekin hasiko da, benetako presentziak txikiei mundua esploratzeko garaian segurtasuna ematen diela azalduz. Hurrengo hilabeteetan, gainerako mezuak ezagutaraziko dituzte. Horietan, Haurtzaro eta Senitarte Udal Zerbitzuak honako hauek gogoraraziko ditu; bizitzari aurre egiteko beharrezko segurtasuna emango duten lotura afektibo handiak eta egonkorrak sortzeak duen garrantzia; gehiegizko babesa ekidinez eta frustrazioarekiko tolerantzia sustatuz, seme-alabetan bizitzaren zorigaiztoei aurre egiteko baliabideak eta defentsak garatzea; ahalegina eta komunitateari egindako ekarpena aitortuta, autoestimu positiboa eta sendoa bultzatzea; garapen psikologiko osasungarria eta beren bizitzaren jabe diren pertsona bihurtzeko autoerregulazioko gaitasunak bultzatzea.