Udalak Zaramagako biziberritze-planeko jarduerak auzora gerturatuko ditu
Udal-sailek egin beharreko ekintzei buruzko informazioa emango diete herritarrei eta urriko saio parte-hartzailean mahaigaineratutako zalantzak argituko dituzte
Aste honetan egin dute Iparralde gizarte-etxean Zaramagako biziberritze-proiektua herritarrei itzultzeko jardunaldi teknikoa. Bi orduz, auzokideek urrian egindako jardunaldi parte-hartzaileetan mahaigaineratutako gaiekin lotutako erantzunak jaso dituzte.
Zaramagako eraldaketako jarduera-ildo nagusiak eta informazioa itzultzeko jardunaldia aste honetan aurkeztu dituzte udaletxean eta bertan izan dira Gasteizko alkatea, Maider Etxebarria; eta Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotzi eta lehen alkateorde Beatriz Artolazabal.
“Proiektuan parte hartu duten udal-sailen (21 Zabalgunea, Espazio Publikoa, Trantsizio Energetikoa, Kirola, Gobernu Irekia eta Gizarte Etxeak) zeregina izango da lan hauek egitea: egin behar dituzten ekintzen berri ematea herritarrei, aurreko jardunaldian mahaigaineratutako ekarpenei erantzuna ematea eta sortu diren zalantzei erantzutea”, azaldu du Maider Etxebarriak.
Zaramaga biziberritzeko plana da udal-gobernuaren konpromiso estrategikoetako bat. “Hiri mailako birgaitzea eta berroneratzea lortzea, baina baita gizarte, kultura eta era guztietako biziberritzea lortzea ere” azpimarratu du Etxebarriak.
Aurreko mendeko 60ko hamarkadako industrializazioan jaio zen auzo honetako esku-hartzea da auzoetako hiri-berroneratzea lortzeko Eusko Jaurlaritzak abian jarritako Inbertsio Estrategikoen Erakundearteko Planak jasotzen dituen jardueretako bat eta 30 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa ekarriko du. Nabarmentzekoa da Zaramaga deskarbonizatzeko laguntzetarako egindako inbertsioa. Horretarako, udal-etxebizitzak eta -eraikinak birgaituko dira, energia-eraginkortasuneko neurriekin eta irisgarritasunean hobekuntzak eginda.
Etxebizitzak birgaitzeko planera 24 komunitate gehitu dira; guztira, 358 etxebizitza. “Eraikinak hobetzearen aldeko apustua egiteko garaian, 14 jabe-komunitatek erabaki dute igogailua instalatzea, hiruk jasogailuen kabinak aldatuko dituzte eta beste hiruk zero-borneko obrak egingo dituzte irisgarritasuna hobetzeko”, zehaztu du Maider Etxebarriak.
Birgatu behar dituzten 24 eraikin horietatik, 23k “eraikin mailan energia-kontsumoa % 60 baino gehiago murriztea erabaki dute. Horrek diruz lagun daitezkeen jardueren kostuaren % 70eko laguntza ekonomikoa ahalbidetuko die gehienez. Gainerako eraikinek, aldiz, energia-hobekuntzari dagokionez bigarren mailara iritsi nahi dute. % 45-60ko aurrezkia izango dute eta, komunitateak jasoko lukeen gehieneko laguntza % 65ekoa litzateke”, zehaztu du Etxebarriak.
Zaramaga auzoan egin beharreko ekimen ugarien artean, auzoa, gainera, “aitzindaria izango da URBANEW programa garatzen. Europako Batzordearen ekimena da, eraikitako parkearen deskarbonizazioa bizkortzeko eta energia berriztagarrien integrazioa sustatzeko autokontsumoaren eta energia-komunitate berriztagarrien aldeko apustua egiten duena”, nabarmendu du Maider Etxebarriak.