Aurreko astean, IDarteko, Arte eta Diseinu Goi Eskolako, ehun ikasle inguruk erabiltzen ez ziren eta Udalari doan utzi zizkioten hamar telefono-kabinatan hainbat proiektu artistiko garatu dituzte. Enpresak kabina horiek kentzeko asmoa zuen eta bigarren bizitza bat lortu dute “hiriko espazioak eta altzariak berreskuratu eta obra artistiko bihurtzea helburu duen esku-hartze berritzaile honi esker” adierazi du Beatriz Artolazabal alkateorde eta zinegotziak kabina horiek jarrita dauden kokapenetako batzuk ezagutu dituenean. Babesgabetuak, Gasteiz hiribidea, Foru kalea edo Domingo Beltran dira “tuneatutako” kabina horietako batzuk topatuko ditugun espazioak.
“Artearen bidez hiriko espazio publikoa berreskuratzearen aldeko apustua egin dugu eta, aldi berean, gazteen talentua bultzatuko dugu. Gure kaleak, estetika eta altzariak hobetuko ditugu beren lanari balioa emateko eta proiektatzeko aukera emango diegun ikasle gazteen proposamen berritzaileekin. Ekimena oso erakargarria da sail honentzat, hirirako (ederrago jarriko dugulako) eta Eskolako ikasleentzat. Izan ere, haien lana kalean ikusi eta aitortzeko aukera izango dute”, adierazi du Artolazabalek.
Zinegotzia zentroko zuzendaritzarekin eta proiektuan parte hartu duten irakasleekin eta ikasleekin bildu da haien iritziak bildu eta Udalaren eta IDarteren artean 2022an sinatutako hitzarmenaren aldeko bere apustua berresteko. Izan ere, bere hitzetan, hitzarmen horri esker, “gure hirian ekimen artistikoak bultzatzen jarraituko dute”. Hitzarmenean jasotakoaren arabera, esku-hartzeak egingo dituzte elementu hauetan: bankuak, farolak, barandak, paperontziak, haurrentzako edo helduentzako jolasak eta Udalaren jabetzakoak diren gainerako hiriko altzariak. Baina esku-hartze horiek Udalaren eraikinetako fatxadetan, barnebideetan, pasabideetan, tuneletan eta etxarteetan ere egingo dituzte.