21 Zabalgunea udal hirigintza sozietatearen eta Naider tokiko eta lurralde garapenerako elkarlaneko laborategiaren bitartez, Gasteizko Udalak partaidetza-prozesu batera deitu die bertako herritarrei eta eragile publiko eta pribatuei, Gasteizko XIX. mendeko Zabalguneko etxadietan birgaitze energetikorako eta hiri-berroneratzerako azterlana gaitzat hartuta, Zabalgunea, eko-barruti ekintzailea proiektuaren barruan.

Proiektuaren helburua da eremu horretako etxadien berroneratzea eta birgaitzea bultzatzea, eta hiriaren ekonomia, gizartea, ingurumena eta kultura bultzatzeko agertoki nagusi gisa duten eginkizuna berreskuratzea.

Ekimen horren bidez, herritarrek, auzo-elkarteek, merkatariek eta enpresa- eta kultura-eragileek parte hartzea lortu nahi da, haien ustez lehendik dauden eta inguru horretan ezarri beharko liratekeen aukerei buruzko ideiak bateratzeko.

Parte hartzeko prozesua Amarika aretoan egingo da, otsailaren 1etik 11ra bitartean, eta hiru ekintzak osatuko dute.

Alde batetik, informazio eta parte-hartze publikoko saio bat egingo da otsailaren 1ean, 19:00etan. Bertan, parte-hartzaileek Zabalgunean egin daitezkeen jarduketei buruzko iritzia eman ahal izango dute.

Bestetik, egun horretan bertan, proiektua azaltzeko panelen erakusketa bat zabalduko da, interesdunek bertatik bertara ezagutu ahal izan ditzaten aurretiaz identifikatutako aukerak, eta kontsulta-prozesuan aktiboki parte hartu ahal izan dezaten.

Aldi horretan, orobat, lau solasaldi antolatu dira, Ensanche XIX elkarteak dinamizatuak, Gasteizko espazio horren etorkizuna aztertzeko.

Jardunaldietan parte hartu nahi duten guztiek iruzkinak eta iradokizunak bidaltzeko aukera ere izango dute. Horretarako, ensancheXIX@vitoria-gasteiz.org sortu da.