Erdi Aroko erdiguneko igogailuetan eta arrapala mekanikoetan behin eta berriz izandako gorabeheren eta mantentze egokirik egin ez izanaren ondorioz, Gasteizko Udalak kontratatutako enpresari bi zehapen-espediente irekitzea erabaki du berriro. Urrian eta azaroan kontratua ez bete izanaren ondorioz, enpresak ia 6.104 euroko zigorra jasoko du. Beatriz Artolazabal Espazio Publiko eta Auzoetako zinegotziak iragarri duenez, zenbateko hori handitu egingo da hurrengo asteotan “gabeziek abenduan jarraitu egin dutelako eta eskainitako zerbitzua ona izan ez delako”.
Artolazabalek iragarri duenez, enpresa horrek 67 hutsegite egin ditu, gehienak larriak (60). Zehatzago esanda, txostenak jasotzen duenez, azaroan Bakardade kantoiko arrapala mekanikoak hilabete osoan egon ziren matxuratuta, egun batean izan ezik, eta Oroimenaren Zentroko igogailua 8 egunez bakarrik egon zen erabilgarri.
Atzo onartu du Gobernu Batzordeak bi espediente horiek izapidetzea. Orain, enpresari bidaliko zaizkio. Zehatzago esanda, Espazio Publikoaren eta Auzoen Sailak argudiatu duenez, matxurak konpontzeko eta egoera txarrean zeuden piezak ordezkatzeko epeak ez dira kontratuko pleguetan zehaztutakoen araberakoak izan. “Sinatutako baldintzen arabera eskaintzen ari ez diren zerbait ordaintzen ari gara. Kalitatezko zerbitzuak eta eskailera eta igogailu hauen funtzionamendu egokia bermatu behar dugu, eta are gehiago adinekoentzako erabakigarriak diren zerbitzuez ari garenean. Geldi dauden arrapalek edo igogailuak eragozpena sortzen diete mugikortasuneko arazoak dituzten eta inguru horretan ibili behar duten pertsonei. Udal honek sinatutako kontratuak betetzen direla zaindu eta bermatuko du. Hitzartutakoa betetzen ez den bitartean, enpresari zigorrak ezartzen jarraituko dugu”.
Gaur onartutako espedienteak ez dira enpresa horri ezarri zaizkion lehenengoak. Maiatzean, ekainean, uztailean eta abuztuan, enpresak 10.800 euroko isunak jaso zituen dagoeneko.
Arduradunekin maiz izaten dituzte harremanak eta gorabeherak konpontzeko egindako lanak zehazteko hileroko txostenak erreklamatu dizkiete. Horrez gain, arrapala eta igogailuen egoerari eta hobekuntza-beharrei buruzko azterketa eskatu diete arduradunei.