Uda gerturatzen ari da eta, horrekin batera, Kirolen Udal Zerbitzuaren bi kanpainaren eskutik, kirol ezberdinak egiteko aukera ere iritsiko da.
Lehenengoa Kirol bidean izeneko kanpaina da eta 12 eta 30 urte bitarteko gazteen artean kirol-jarduerak sustatzea du xede. Hain zuzen ere, hainbat kirol-modalitate hastapeneko mailan ezagutzeko aukera ematen du, banaka edo taldean. Kanpaina honek 494 plaza eskaintzen ditu.
Uda honetarako eskaintzak beste bi jarduera berri biltzen ditu: Kalistenia eta Mendi-irteera inklusiboa. Beste batzuk ere berriro egongo dira aukeran: arroila-jaitsierak, espeleologia, zaldi-ibilaldiak, via ferrata, zeharkaldiak kayakean, geocaching-a, bizikleta + SUP/kayaka, surfa, kayakean itsasoan, eskalada arroka gainean… Zehatzago esanda, aire zabalean egingo dira jarduerak ekainetik irailera bitarteko larunbat eta igandetan. Guztiak izango dira Araban, Bizkaiko Laga eta Laida hondartzetan eskaintzen den surfa izan ezik.
Horrez gain, adinaren arabera bi talde egongo dira: 12 eta 17 urte artekoena, eta 18 eta 30 urte artekoena. Txangoak elebidunak izango dira eta euskararen erabilera sustatuko da horietan. Bestalde, prezioak 12,75 eta 27,30 euro artekoak izango dira abonatuen kasuan, eta 21,25 eta 45,45 euro artekoak harpidedunak ez direnentzat.
Izen-emateak maiatzaren 15ean irekiko dira eta Udalaren webgunean online edo gizarte-etxeen eta Udalaren kiroldegien sarean eta Gazte Informazio Bulegoan aurrez aurre egin ahal izango dira, gaur Gasteizko Udaletik azpimarratu dutenez.