Araban eta Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako lurraldeetan ia 914.000 etxebizitza familiar daude, eta horietatik %84,5 jabetzakoak dira; %13,5 alokairukoak dira, eta gainerako %2a beste edukitza-modu bati dagokio, batez ere lagapenari.

Hala erakusten dute Eustat Euskal Estatistika Erakundeak etxebizitzari buruz argitaratutako azken datuek. Datu horietan ikusten denez, azken 10 urteetan ia 52.600 etxebizitza gehiago daude alokairuan, 2011n %8,2 izatetik 2021ean %13,5 izatera igaro baita. Jabetzako etxebizitzak, aldiz, 1,4 puntu jaitsi dira aldi horretan, %85,9tik %84,5era. Lurraldeka, Bizkaian ohikoagoa da jabetzako etxebizitza, guztizkoaren % 85,5; Araban, % 84,1; Gipuzkoan, % 83,1. Azken horretan jaitsi da gehien jabetzako etxebizitzen portzentajea, 3,3 puntu galdu baititu. Jabetza-modalitateari kontrajarriz, Gipuzkoa da, alokairuko etxebizitzen % 14,8rekin, alokairuko edukitze-erregimenean portzentajerik handiena duen lurraldea, eta, gainera, ehuneko 7,1 puntu igo da 2011ko datuekin alderatuz. Arabak, % 14,4rekin, eta 2011n baino ehuneko sei puntu gehiagorekin, Bizkaiak duen % 12,4a gainditzen du; lurralde horretan alokairu erregimenak ehuneko 3,9 puntu egin baitu gora 2011 eta 2021 urteen artean. “Eskualde-mailako xehetasunei erreparatuz, 2011ren aldean, jabetzako edukitze-erregimenak aldakuntza positiboa izan du Arabako Añana (ehuneko 4,9 puntu gehiago) eta Arabako Mendialdea (ehuneko 2,8 puntu gehiago) eskualdeetan; baita Bizkaiko Gernika-Bermeo (ehuneko 1,7 puntu gehiago) eta Enkartazioak (ehuneko 1,3 puntu gehiago) eskualdeetan ere”, azaltzen da txostenean. Alokairu-erregimenari dagokionez, eskualde guztietan aldaketa positiboak izan dira 2011. urtearen aldean. Hazkundeak Añanako ehuneko 2,7 punturen eta Donostialdeko 8,5 punturen artean kokatzen dira. Beste igoera aipagarri batzuk: Bidasoa Beherea (7,8 puntu gehiago), eta Arabako Lautada eta Urola Kosta (6,4 puntu gehiago bakoitzak). Udalerriei dagokienez, 2021ean, Euskal Autonomia Erkidegoko 251 udalerrietatik 233k gainditu egin dute 2011ko alokairuko etxebizitzen proportzioa. “Hala ere, joera hori eman arren, soilik hamar udalerrik lortu edo gainditu dute alokairuko etxebizitzen ehuneko 10 puntuko hazkunde-muga: Ereñok (14 puntu gehiago), Iekorak (13 puntu gehiago), Zerainek (12,5 puntu gehiago), Lezak (12,3 puntu gehiago) eta Berrobik (11,3 puntu gehiago)”,erantsi zuten. Jabetzako edukitze-erregimenari dagokionez, azken hamarkadan ehuneko 10 puntutik gorako igoerak izan dituzten sei udalerri daude; hauek dira: Olaberria (ehuneko 16,9 puntu gehiago), Gaintza (15,4 puntu gehiago), Turtzioz (13,5 puntu gehiago), Arakaldo (12,7 puntu gehiago), Gaztelu (11,1 puntu gehiago) eta Sukarrieta (10,4 puntu gehiago). Azkenik, hiriburuei dagokienez, Gasteizen erregistratu dira jabetzako etxebizitza gehien (% 83,5), gero Bilbon (% 83,2) eta, urrunago, Donostian (guztizkoaren % 79,2). Gasteizen eta Bilbon aldakuntzak neurritsuak izan dira, 2,6 eta 1,6 puntu portzentual gutxiago, hurrenez hurren. Baina Donostian, azken hamarkadan izandako aldaketak nabarmenagoak dira, jabetzako etxebizitzen proportzioa ehuneko 6,7 puntu jaitsi baita (2011n % 85,9), eta alokairuko etxebizitzen proportzioa 10,9 puntu igo da, 2011ko % 8tik 2021eko % 18,9ra pasatuz.

Adinaren arabera

Erreferentziako pertsonaren adinaren –pertsona hori etxebizitzan bizi den adin handieneko pertsonatzat hartuta– araberako edukitze-erregimena aztertuta, ondorioztatzen da, adinak gora egin ahala, etxebizitza jabetzan izateko probabilitateak handiagoak direla; hala, 30 urtetik beherakoen artean, etxebizitza jabetzan dutenen portzentajea % 59,7koa da; 30-44 urtekoen artean, % 74raino igotzen da, eta 65 urtetik gorakoen kasuan% 92,6koa. “Ondorioz, kontrakoa gertatzen da alokairu-erregimenean: adinak gora egin ahala beheranzko joera ematen da. Adinekoenen artean, % 4,3 baino pixka bat gehiago dira alokairuan, eta 30 urtetik beherakoen artean, berriz, etxebizitzen herena (% 37,6) dira”, azpimarratu zuten. “Azkenik, erreferentziako pertsonaren sexuak aldaketa txikiak eragiten ditu edukitze-aukeren artean: gizonen % 86,3k etxebizitza jabetzan du, eta emakumeen kasuan % 82,4k; alokairuaren kasuan, ordea, ordena alderantzizkoa da”, ondorioztatu zuten Eustaten egindako azken txostenean.

Datuak

Gasteizko zenbakiak

Hirian. Gasteizen erregistratu dira jabetzako etxebizitza gehien (% 83,5), gero Bilbon (% 83,2) eta, atzetik, Donostian (guztizkoaren % 79,2). “Gasteizen eta Bilbon aldakuntzak neurritsuak izan dira, 2,6 eta 1,6 puntu portzentual gutxiago, hurrenez hurren. Baina Donostian, azken hamarkadan izandako aldaketak nabarmenagoak dira, jabetzako etxebizitzen proportzioa ehuneko 6,7 puntu jaitsi baita (2011n % 85,9), eta alokairuko etxebizitzen proportzioa 10,9 puntu igo da, 2011ko % 8tik 2021eko % 18,9ra pasatuz”, azpimarratu zuten Euskal Estatistika Erakundetik– Eustatetik– gai honi buruz egindako eta argitaratutako azken txostenean.