Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazitu dute
UEMAren arabera, egoera soziolinguistikoa ez da herritarren joera erakusten duen aldagai bakarra
Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina jarri dute martxan UEMAk eta hainbat erakunde publikok, elkarlanean, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian.
Izan ere, UEMAtik jakinarazi dutenez, lurralde bakoitzeko foru ogasunaren arabera, datak, webguneak, telefonoak eta gainerakoak aldatzen diren arren, moduak antzekoak dira kasu guztietan, eta horietan euskararen aldeko hautua egitea da aurten ere kanpainarekin lortu nahi dena.
2025eko ekitaldiko errenta eta ondarea aitortzeko kanpainari ekingo diote Hego Euskal Herriko foru ogasunek apirilaren lehen egunetan, eta, beraz, horrekin batera, UEMAk, bertako kide diren udalekin eta foru ogasunekin elkarlanean, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina egingo du aurten ere, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian.
"Errenta euskaraz egiten duen herritarren kopurua gorantz ari da urtez urte, baina oraindik ere errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dago, eta horretan eragin nahi dute kanpaina honekin UEMAk eta udalek, herritarrei administrazioarekin ere euskaraz aritzeko deia eginez", adierazi dute.
Araban eta Gipuzkoan apirilaren 7an hasiko da errenta aitortzeko epea, Nafarroan apirilaren 9an, eta Bizkaian apirilaren 15ean, autolikidazio proposamenak eta internet bidezkoak egun batzuk lehenago egin daitezkeen arren tokian tokiko ogasunen egutegiaren arabera. Guztietan, ekainaren amaiera aldera arte egin ahal izango dira aitorpenak.
Ohi bezala, UEMAk udalekin eta hainbat erakunde publikorekin elkarlanean bideratzen du errenta euskaraz egiteko kanpaina, eta foru ogasun, eskualde edo udal elkarte bakoitzak moldatzen du bere beharren arabera. Edonola ere, mezu orokorra berbera da kasu guztietan, baina foru ogasun, eskualde edo udal elkarte bakoitzak bere errealitate soziolinguistikoaren arabera moldatzen du kanpaina eta mezua, baita udal bakoitzak ere, dagozkion datuekin eta bilakaerarekin.
Horiek azaltzeko, besteak beste, 'Errenta aitorpena euskaraz' lelodun kartel orokorra eta azalpen kartela jarri ditu eskura UEMAk, nork bere arabera moldatzeko aukerarekin. Gipuzkoan, aurten ere, 'Ogasunarekin euskaraz' leloa erabiliko du aldundiak, Ata UEMAk ere halaxe gehituko du Gipuzkoako udaletara zabaldutako euskarri guztietan.
HERRITARREN JOERA
UEMAren arabera, egoera soziolinguistikoa ez da herritarren joera erakusten duen aldagai bakarra, eta batzuetan alde handia dago euskaldun indizearen eta errenta euskaraz egiten dutenen artean. Dena dela, udalerririk euskaldunenetan egiten dira aitorpen gehien euskaraz, zenbakiak eta ehunekoak oso aldakorrak diren arren lurralde batetik bestera.
Gipuzkoan, esaterako, Orexa (%71), Zerain (%69), Amezketa (%61), Ataun (%60) eta Abaltzisketa (%60) dira 2025ean euskaraz errenta aitorpen gehien egin zituzten herriak, ehunekoetan; Bizkaian, berriz, Amoroto (%27,9), Mendexa (%23), Aulesti (%22), Ispaster (%18,7) eta Gizaburuaga (%16).
Nafarroako Foru Ogasunak ez ditu ematen herriz herriko datuak, baina UEMAri jakinarazi diotenez, "UEMAko kide diren Nafarroako udalerri guztiak %0 eta %10 bitarteko portzentajean mantentzen dira".
Temas
Más en Economía
-
El Gobierno Vasco pidió incluir la reestructuración de la deuda de Tubos Reunidos en las medidas anticrisis
-
El Gobierno Vasco duplicará la generación eléctrica renovable con 80 millones de coinversión publico-privada hasta 2030
-
El Gobierno Vasco aprueba destinar 37 millones de euros a financiar las Ayudas de Emergencia Social
-
Gestamp e Iberdrola firman un acuerdo para el suministro de energía limpia en Europa durante 10 años