Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak eta Santa Maria la Real Fundazioak sustatutako laneratzea errazteko saio berriak jarri dira martxan Gasteizen, lurraldeko 17 langabezian dauden pertsonen parte hartzearekin. Partaideek lana bilatzeari ekingo diote datozen hiletan teknikari espezializatuen laguntza eta orientazioarekin, eta egungo lan merkatuaren eskarietara egokitutako teknika eta tresna digital berriak erabiliz.

Proiektuak langabezian dauden pertsonei beren lan bilaketa berraktibatzen laguntzea du helburu, sektore profesional guztien eraldaketa digitala eskatzen duen egungo lan merkatuaren premiekin bat datozen teknika eta tresna digital berrien bidez, Arabako Aldunditik jakinarazi dutenez.

“Partaideek lana bilatzeari ekingo diote datozen hiletan teknikari espezializatuen laguntza eta orientazioarekin"

Oraindik plaza libreak daude, eta parte hartzeko interesa duten langabeek eman dezakete izena edo Ignacio Ellacuria Udal Ikastegian. Programaren batez besteko laneratze tasa %60 da.

Cristina Gonzalez, Arabako Aldundiko Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioko diputatuak adierazi du programaren bederatzi edizioetako emaitzek erakusten dutela egitasmoak "funtzionatzen" duela, eta "enplegurako beste politika aktibo batzuek baino laneratze tasa handiagoak" eskaintzen dituela.

LANGABEZIA

"Langabezian dauden arabarrek tresna hori balia dezaten nahi dugu, ikusgarritasuna izan, kontaktu sareak sortu, enpresak bisitatu eta enplegua bilatzean lagunduta sentitu daitezen", gaineratu du.

Aurtengo 17 parte hartzaileak 23 eta 58 urte bitartekoak dira, prestakuntza maila desberdinetakoak (oinarrizko ikasketak, Batxilergoa, Lanbide Heziketa eta unibertsitate ikasketak). Batzuek lehen lana bilatzen dute eta beste batzuek sektore jakinetan, hala nola administrazioan, logistikan, hezkuntzan, merkataritzan edo ingurumenean.

Funtzionatzeko era mistoa da, aurrez aurreko saioekin Gasteizko Ignacio Ellacuria Udal Ikastegian eta saio birtualekin, maiatzera arte egingo da, goizez. Parte hartzaileek orientazioa eskatzen dute enplegu bilaketa hobetzeko, batez ere autoezagutza indartuz, eta egungo lan merkatua hobeto ezagutzeko. Hurrengo lan elkarrizketak hobeto prestatzen ikasi nahi dute, bai eta lana bilatzeko tresna berriak aurkitzen ere, azaldu du Santa Maria la Real Fundazioko talde teknikoak.