Síguenos en redes sociales:

Ekonomia %2,2 haziko da aurten eta %1,9 datorren urtean EAEn, Jaurlaritzaren arabera

14.000 enplegu sortuko dira

Ekonomia %2,2 haziko da aurten eta %1,9 datorren urtean EAEn, Jaurlaritzaren araberaUtzitakoa

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ekonomia %2,2 haziko da 2025ean eta %1,9 datorren urtean, eta, azken aurreikuspenekin alderatuta, goranzkoa da berrikuspena. Gainera, 2025erako lanaldi osoko 14.000 enplegu sortuko dira eta langabezia tasa %6,4ra jaitsiko da, Eusko Jaurlaruitzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren aurreikuspenen arabera.

Horrela iragarri du astearte honetan Gasteizen Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak, datozen bi urteetarako aurreikuspen ekonomikoen eguneratzea aurkezteko prentsa agerraldian. Esan duenez, azken datuen arabera, Euskadik "hazkunde sendo eta egonkorra" du, baita Europako ekonomia nagusien ziurgabetasunak eta moteltzeak markatutako nazioarteko testuinguruan ere.

Bada, Eustat euskal estatistika erakundeak argitaratutako azken datuak oinarri hartuta, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak aurreikusi du EAEko ekonomia %2,2 haziko dela 2025ean eta %1,9 datorren urtean. Azken aurreikuspenekin alderatuta, goranzko berrikuspena da, eta horrek "Euskadiko jarduera ekonomikoaren sendotasuna islatzen du".

Torresek nabarmendu duenez, "datu horiek agerian uzten dute gure ekonomiaren indarra. Euskadik jakin du norabidea mantentzen zalantzaz beteriko nazioarteko testuinguruan, eta gaur esan dezakegu konfiantzaz eta oinarri sendoz ekingo diogula datozen urteei, aukerak sortzen jarraitzeko".

BESTE DATU BATZUK

Hazkundearen motor nagusia barne eskaria izango dela zehaztu du. Aurreikuspenen arabera, etxeko kontsumoak %2,7 egingo du gora aurten, enpleguaren hobekuntzari eta inflazio neurritsuagoari esker. Inbertsioak ere zifra positiboetan jarraituko du, %3,1eko hazkunde zenbatetsiarekin, finantza baldintza hobeagoetan oinarrituta. Kanpo sektorearen ekarpena mugatuagoa izango bada ere, esportazioek suspertze zantzuak dituzte, 2025erako %2ko eta 2026rako %3ko igoerak aurreikusi baitira.