Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eraikuntzaren jarduera %7,6 gehitu da 2025ko bigarren hiruhilekoan prezio korronteetan eta aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, Eustat euskal estatistika erakundeak landutako datuen arabera.

Urteko bigarren hiruhilekoko urte arteko hazkundea batez ere eraikingintzaren portaera positiboagatik gertatu da, %10,5eko hazkundea izan baitu, ingeniaritza zibila %1,7 hazi den bitartean.

Era berean, 2025eko bigarren hiruhilekoko eraikuntzaren jarduera aurreko hiruhilekokoarekin alderatuz gero, koiunturako indizea %1,7 igo da termino nominaletan edo uneko prezioetan, dagozkion urtaro ondorioak atera ondoren. Hiruhileko arteko jarduera %2,6 gehitu da eraikingintzan eta %2,2 jaitsi ingeniaritza zibilean.

Halaber, lurralde historikoetan izandako bilakerarti dagokionez, 2025eko bigarren hiruhilekoan, eraikuntzaren jarduerak gora egin du hiruretan urte artean: %8,4 Araban, %7,6 Bizkaian eta %7,5 Gipuzkoan. Aurreko hiruhilekoaren aldean ere igoerak izan dira, eraikuntzaren koiunturako indizean: %1,2koa Araban, %1,9koa Bizkaian eta %1,4koa Gipuzkoan.

Bestalde, higiezinen sustapenaren jardueraren eragina kontuan hartu gabe, 2025eko bigarren hiruhilekoko eraikingintzaren jarduera %8,3 igo da urte artean eta %1,9 hiruhileko artean.

Eraikuntzaren sektore osoa, higiezinen sustapena kontuan hartu gabe, %6,2 igo da 2024ko bigarren hiruhilekoaren aldean eta %1,2 aurreko hiruhilekoaren aldean.

Azkenik, eraikuntzaren landunen indizea %3,3 igo da 2025eko bigarren hiruhilekoan aurreko urteko hiruhileko beraren aldean eta %1,1 aurreko hiruhilekoaren aldean.