Síguenos en redes sociales:

Gasteizko Udalak 125.000 euro banatuko ditu gizarte arloko 16 erakunderen artean

Elkarte bakoitzak 4.246 eta 10.000 euro arteko zenbatekoa jasoko du

Gasteizko Udalak 125.000 euro banatuko ditu gizarte arloko 16 erakunderen arteanUtzitakoa

Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken Sailak informazio, sentsibilizazio, prebentzio eta sustapen sozialeko jarduerak eta ekintzak garatzeko eta ekintza solidarioak edo boluntariotzakoak sustatzeko 2025eko diru laguntzen deialdia ebatzi du abuztuan, eta 124.997,64 euro banatuko ditu gizarte arloko 16 erakunderen artean. Elkarte bakoitzak 4.246 eta 10.000 euro arteko zenbatekoa jasoko du.

Gasteizko Udaletik zehaztu dutenez, aurtengo deialdira 20 elkartek aurkeztu dituzte proiektuak, eta horietako lau baztertu egin dira eskatutako baldintzaren bat ez betetzeagatik. Aurkeztutako gainerako erakundeek jasoko dute diru laguntzetan dagokien zatia.

BESTE DATU BATZUK

Besartean (6.579,50 euro), Gizarterajo (10.000 euro), Boscos Fudnazioa (10.000), Insola (9.500 euro), Itaka-Escolapios Fundazioa (9.500), Icono (7.504 euro), Nagusilan (8.375 euro), Konexio Ona (8.333,13), Itxaropenaren Telefonoa (4.246,13 euro), Kuentame (8.375 euro), Corazonistas Fundazioa (8.375 euro), Ikiriki (5.803,88 euro), Ai Laket (8.375 euro), Aspasor (8.375 euro), Ehunbide Fundazioa (6.200 euro) eta Hirukide (5.456 euro) dira laguntza jasoko duten erakundeak.

Lucho Royero Gizarte Politiken zinegotziaren hitzetan, "oso garrantzitsua da udal eskumeneko arloetan gizarte zerbitzuen eremuan diharduten elkarte eta erakundeetatik datorren gizarte ekimena babestea. Erakundeok iristen ez garen lekura iristen laguntzen digute, eta horregatik lagundu nahi diegu ekonomikoki", ondorioztatu dute Gasteizko Udaletik prentsa-ohar baten bitartez,