Síguenos en redes sociales:

Industria-sektorearen esportazio-joera handia

Industria Euskal AEko guztizko balio erantsiaren % 23,7ra iritsi zen 2023. urtean, Estatuaren, Europaren eta ekonomikoki garrantzitsuak diren herrialdeen gainetik

Industria-sektorearen esportazio-joera handiaPilar Barco

Eustaten datuen arabera, industriak Euskal AE osoan duen pisu erlatiboa —balio erantsi gordinari dagokionez— % 23,7koa izan zen 2023an, hau da, Espainian (% 14,7), Frantzian (% 13,4) eta EB-27an (% 18,2) baino nabarmen handiagoa eta Alemanian (% 22,4) baino handixeagoa.

Faktoreen kostuko balio erantsi gordinaren (BEGd) bilakaerari dagokionez (kateatutako bolumenaren indize gisa), % 1,8ko igoera gertatu da. Inguruko herrialdeekin alderatuta, Frantziak erraz gainditu du zifra hori, % 5,5 igo baita (2022an % 5,5 jaitsi ondoren). Haren atzetik, Espainia (% 0,7ko igoera) eta Alemania (% 0,1eko igoera) kokatu dira. EB-27ko batezbestekoa % 1,4 jaitsi da.

Industria-sektoreko enpleguak enplegu guztien % 20,1 izan ziren 2023an, eta ehuneko hori Estatuko batez bestekoa (% 11,3) eta EB-27koa (% 15,4) baino handiagoa izan zen berriz. Gaineratu beharra dago gure inguruko herrialdeetako indizeak ere gainditu zituztela. Izan ere, Alemanian industriako enpleguaren ehunekoa % 17,7ra iritsi zen, Italian % 16,5era eta Frantzian % 10,1era.

Sektoreak bereizita ikus daitekeenez, enplegua honako adar hauetan bildu da nagusiki: Oinarrizko metalen eta produktu metalikoen fabrikazioa (% 32,8), Makineriaren eta ekipamenduen fabrikazioa (% 11,3) eta Garraio-materialaren fabrikazioa (% 9,6). Industria-jardueraren hiru adar horietan, industrian jardun duten langileen % 53,7 aritu dira.

2023an, euskal industriako establezimenduen batez besteko tamaina 17,5 langilekoa izan zen, eta sektoreen artean alde handiak zeudela egiaztatu zen. Industria-establezimendu gehienek (% 82,9k) 20 langile baino gutxiago zituzten, eta enpleguaren guztizkoaren % 20,2 bildu zuten. Beste muturrean, establezimenduen % 0,8k 250 langile baino gehiago zituzten, eta industriako enpleguen % 27 bildu zituzten.