Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) langabezia tasa %8,11n kokatu da 2024ko bigarren hiruhilekoan, aurrekoan baino 2.400 langabe gutxiago zenbatetsi ondoren. Guztira 89.500 langabe daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aurreko hiruhilekoan baino %2,6 gutxiago eta 2023ko bigarren hiruhilekoan baino %13,34 gehiago (10.500 langabe gehiago), INE estatistika erakundearen Populazio Aktiboaren Inkestaren datuen arabera.

EAEn 28.500 lanpostu sortu dira apirilean, maiatzean eta ekainean, aurreko hiruhilekoan baino %2,9 gehiago, eta okupatuak 1.013.500 dira. Iazko bigarren hiruhilekoarekin alderatzen bada, 13.600 okupatu gehiago zenbatetsi dira, hau da, %1,36 gehiago.

Pertsona aktiboak 1.103.000 dira EAEn, lehen hiruhilekoan baino 26.100 gehiago (+%2,43) eta 2023ko bigarren hiruhilekoan baino 24.100 gehiago (+%2,23). Jarduera tasa %57,88an kokatu da.

Bestalde, 16 urtetik gorako populazioa 1.915.700 pertsonak osatzen dute EAEn, hau da, urteko lehen hiruhilekoan baino 6.400 gehiago (+%0,34) eta 2023ko bigarren hiruhilekoan baino 23.300 gehiago (+%1,23).

Sexuaren arabera, langabezian dauden 34.900 emakumezko zenbatetsi dira EAEn 2024ko bigarren hiruhilekoan, aurrekoan baino 13.400 gutxiago (-%27,70), eta langabezia tasa %6,61 eta jarduera tasa %53,19 dira. Gizonei dagokienez, 54.600 langabe erregistratu dira, aurreko hiru hiletan baino 11.000 gehiago (+%25,20), langabezia tasa %9,49an eta jarduera %62,29an kokatuz.

Gazteei dagokienez, 25 urtetik beherako 7.100 langabe gehiago zenbatetsi dira EAEn apirilean, maiatzean eta ekainean, eta horrela, langabezia tasa %25,95ekoa da.