Ogasunak 30.000 erretiraturi baino gehiagori kalkulatuko die errenta proposamena, Auzitegi Gorenak 20/2024 Epaian mutualitateetarako kotizazioei lotuta ezarritako murrizketa aplikatuta. Proposamena egiteko, Foru Ogasunak 35 urteko gehieneko kotizazio aldia hartuko du kontuan aplikatu beharreko ehunekoa kalkulatzean, pentsioa zergaren autolikidazioan integratzeko.

Itziar Gonzalo Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko foru diputatuak gaur goizean 2023ko errenta kanpainaren aurkezpenean ezagutzera eman dituen datuetako batzuk dira horiek. Foru diputatuak zehaztu duenez, "Gizarte Segurantzatik erretiro edo baliaezintasun pentsioa jaso eta Lan Mutualitateetan 1978ko abenduaren 31 baino lehen kotizatu dutenek eskubidea dute pentsioaren zenbatekoaren % 25eko murrizketa aplikatzeko, haren zati proportzionalean, data hori baino lehen egindako kotizazioei dagokienez".

Gonzalok azaldu duenez, datu horiek Rentafácil modalitatean aplikatuko dira, eta "Errentako laguntza programan erabiltzeko ere eskuragarri egongo dira. Hau da, zergadun guztien eskura jartzen den aitorpenean sartu beharreko datua, nahiz eta Foru Ogasunean autolikidazio proposamena kalkulatu ez". Mutualitateen epaiaren eraginpeko proposamenak egoitza elektronikoan kontsultatu ahal izango dira apirilaren 8tik aurrera, hain zuzen egun horretan hasiko baita errenta kanpaina.

Alde horretatik, Itziar Gonzalok "konfiantza eta lasaitasun mezua helarazi die prestazio horiek jasotzen dituztenei, Foru Ogasunak egindako proposamenek dagoeneko jasotzen baitute epai berriaren araberako kalkulua".

Rentafácil bidezko proposamenak —modalitate erabiliena— guztira 149.000 arabarrengana iritsiko dira, hots, herritar guztien % 77 rengana. Kopuru horretatik 18.664 proposamen maizterrei edo errentatzaileei dagozkie.

Rentafácil

Zergadunek abisu gutun bat jasoko dute, proposamena egin dela jakinarazteko.Ziurtagiri digitala izanez gero onartu ahal izango da, eta, hala badagokio, aldatu, apirilaren 8tik aurrera. "Zuzenean onartu ahal izango dute telefono mugikorretik edo beste edozein gailutatik, bi klik eginez", azaldu du

Gonzálezek. Likidazioa onartu ondoren, 48 ordutan jasoko da jaso beharreko zenbatekoa Foru Ogasunetik.

Bere hitzaldian, Itziar Gonzalok alokatutako etxebizitza batean bizi direnak eta alokatutako etxebizitzen jabeak aipatu ditu; lehenengoek ordaindutako zenbatekoa sartu ahal izango dute eta ohiko etxebizitzaren alokairuaren kenkaria aplikatu, eta, jabeen kasuan, errenta gisa jasotako zenbatekoa.

Rentafácileko proposamenetan, aurreko kanpainan bezala, etxebizitza kontuagatiko edo dohaintzengatiko kenkariak sar daitezke.

Rentared

Foru Ogasunak, rentared modalitatearen bidez, aitorpena modu erraz eta erosoan linean egin eta aurkeztea ahalbidetzen du. Horretarako, nahikoa da laguntza programa deskargatzea araba.eus/renta2023 helbidean.

"Identifikazio digitalaren bidez, programak automatikoki egiten du aitorpena, eta zergadunak datuak bete beharko ditu, beharrezkoa bada, eta aitorpena Ogasunera bidali", zehaztu du foru arduradunak.

Rentaraba

Modalitate honen barnean sartzen dira aitorpenak gestoriek eta aholkularitzek aurkeztea eta Foru Ogasunaren aurrez aurreko arreta.

Aurrez aurreko arreta apirilaren 16an hasiko da, eta 50 langile arituko dira errentaren gaineko zergaren aitorpenak egiten Foru Ogasunaren Gasteiz, Laudio eta Guardiako bulegoetan.

Doako zerbitzu hori zergadun guztien eskura izango da, salbu eta 2023an jarduera ekonomiko batean aritu direnak, beren ohiko etxebizitza saldu dutenak, alokairu turistikoan izan dituzten higiezinak izan dituztenak eta higiezinak edo akzioak saltzeko hiru eragiketa egin dituztenak, besteak beste.

Aurreikuspen ekonomikoak

Kanpaina honetan, autonomoentzako neurriak nabarmentzen dira, jarduera ekonomiko horien likidezia bultzatzeko. Hori da lehen sektorera bideratutako kenkariaren kasua; hain zuzen, % 70eko gutxitzea ezarri da, forfait izenez ezagutzen dena, gastuak konpentsatzeko. Ildo horretan, arloko diputatuak beste neurri bat aipatu du, "2023ko ekitaldi honetan nekazaritza aseguruen kontratuengatik 2024an jasotako konpentsazioak egotzi ahal izatea, 2023an gertatutako fenomeno atmosferiko kaltegarriek eragindako galeren ondorioz, hala erabakitzen badute".

Era berean, handitu egin dira langileek enpresak sortzearen edo beren erakunde enplegatzailean parte hartzearen kenkariak, bai eta jarduera ekonomikoari eustearen kenkariak ere.

 Zergadun guztientzat jasangarritasunari lotutako zerga pizgarri batzuk onetsi dira. Zehazki, erabilera partikularreko ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak ezartzearen kenkaria luzatu da.

Arabako Ogasunak zergadunei guztira 159,2 milioi euro itzultzea espero du. Gainera, ordaintzeko aitorpenen bidez 119,2 milioi euro biltzea aurreikusi du.

Kanpaina honetan, guztira, 193.00 aitortzaile egongo dira, eta haietatik % 67,6 baino gehiagoren emaitza itzultzekoa izango da. Batez beste, 1.220 euro jasoko dituzte Arabako Ogasunetik. Gainerakoek, aitorpen positiboek, 2.275 euro ordaindu beharko dituzte batez beste.

Fortuna handien gaineko zerga, zeina lehenengo aldiz ordainduko baita, eta ondarearen gaineko zerga apirilaren 8tik ekainaren 25era bitartean aurkeztu ahal izango dira. Zerga horiek ekainaren 25a baino lehen ordaindu beharko dira.