Eustaten datuen arabera, eta lan-egutegi homogeneoari dagokionez, Euskal AEko industria-produkzioa aurreko urteko hil berean izandakoa baino %5,4 handiagoa izan zen 2023ko abenduan. 2023 osoko balantzea industria-jardueraren %0,3ko igoerarekin itxi zen.

Aurreko hilaren aldean, Euskal AEko industria-jarduera %4,1 igo da azken hilabete honetan, urtaroen eragina zuzenduta.

Ondasunen helburu ekonomikoaren arabera, Bitarteko ondasunetan (metalurgia eta produktu metalikoen fabrikazioa, industria kimikoa eta kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioa barne) produkzioaren urte arteko igoera %4,8koa izan da.

Kontsumo-ondasunek, aldiz, urte arteko joera negatiboa izan dute 2023ko abenduan, produkzioa %0,5 murriztu baita sektore osoan. Jaitsiera hori Kontsumo-ondasun iraunkorren portaerari zor zaio, non altzarien eta etxeko tresnen fabrikazioa jasotzen den, besteak beste, %11,2ko murrizketarekin. Kontsumo-ondasun ez iraunkorren produkzioa, bestalde, %1,9 igo da. Azken horien artean daude elikagaiak prozesatzeko eta kontserbatzeko jarduerak, garbiketarako eta higienerako produktuen fabrikazioa, farmazia-produktuak eta jantziak egitea.

Energiaren produkzioa ere jaitsi egin da 2023ko abenduan, %4,6 aurreko urteko hil beraren aldean. Sektore honetan sartzen dira energia elektrikoaren ekoizpena eta hornidura eta petrolioaren finketa.

Ekipamenduko ondasunen produkzioa berriz, %10,3 igo da, aurreko urteko abenduarekin alderatuta. Honen barruan sartzen dira ibilgailu motordunen fabrikazioa, tren-makinen eta tren-materialen eraikuntza eta aeronautikaren edo itsasontzien eraikuntza.