Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen (GOFE) Administrazio Kontseiluak, zeina Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiken Sailaren mendeko erakunde autonomoa baita, desgaitasun egoera aitortuta duten pertsonei zuzendutako banakako laguntzen deialdia onetsi du. Laguntzen aurrekontua 200.000 euro da.

Ekitaldi honetan, garapenaren nahasmenduak dituzten eta Gasteiztik 35 kilometro baino gehiagora bizi diren 0-6 urteko adingabeei zuzendutako arreta goiztiarreko esku hartzerako deialditik ateratzen da. Adingabe horiek beste deialdi espezifiko bat izango dute, kolektibo horren beharrei erantzun egokiagoa emateko.

Deialdi honetan, halaber, laguntzen katalogoa, betekizun espezifikoak eta diruz lagun daitekeen gehieneko zenbatekoa eguneratu dira, eskatzaileei kudeaketa eta izapideak errazteko, eta barneko administrazio prozedura bizkortzeko.

Laguntzen xedea da onuradunen bizi kalitatea hobetzea, desgaitasun egoeran egoteak pertsona horiei sortzen dizkien beharrak asetzea, eta beren autonomia, garapen pertsonala eta gizarteratzea sustatzea. Horretarako, hauetako bat emango zaie: laguntza produktu baten erabilera lagapena, edo laguntza ekonomiko bat, laguntza produktua eskuratzeko eta ohiko etxebizitzan edo ibilgailu partikularrean egokitzapenak egiteko.

Iaz 235 dirulaguntza eman ziren laguntza produktuetarako, eta zenbateko handienak gurpil aulkiak eta entzuteko gailuak eskuratzeko eta etxebizitzen egokitzapena egiteko izan dira.

2023ko irailaren 16tik 2024ko abenduaren 30era bitartean eskuratutako edo egindako laguntzak finantzatuko dira.

Diruz laguntzeko moduko laguntzen katalogoan, ohiko etxebizitzarako irisgarritasuna ahalbidetzen dutenak sartzen dira; hau da, arkitektura oztopoak kentzeko laguntzak, hala nola igogailuak jarri edo aldatzea, arrapalak egitea, jasogailuak jartzea, 0 kotako igogailuak jartzea atarietan, edo etxebizitzako bainugelak, ateak eta korridoreak egokitzea.

Era berean, etxeko lanak eta zaintza pertsonala egiteko eta komunikazioa eta informazioa errazteko laguntza produktuak diruz laguntzen dira, hala nola betaurrekoak, lentillak, audifonoak edo Braille idazteko ekipoak erostea. Halaber, diruz laguntzeko moduko produktuak dira norbere mugikortasunari laguntzen dioten produktuak, hala nola gurpil aulkiak eta ohe artikulatuak, eta ibilgailuak egokitzea, besteak beste.

Eskaerak aurkezteko epea iragarkia ALHAOn argitaratu hurrengo egunean hasi eta 2024ko irailaren 15ean amaituko da.