Eustaten datuen arabera, Euskal AEko ondasunen esportazioek (3.152 milioi euro) %0,8ko hazkunde nominala izan zuten 2023ko azaroan, aurreko urteko hil beraren aldean, produktu energetikoen bultzadari esker (%49,1) eta ez-energetikoek atzera egin arren (%-3,1).
Inportazioen kasuan (2.220 milioi), %12,0ko beherakada izan da. Inportazio ez-energetikoak %11,4 jaitsi ziren eta energetikoak %13,7; hala ere, urte arteko alderaketa tona inportatuetan eginez gero, %8,2ko hazkundea izan zen.
Merkataritza-saldoa positiboa da, 931,9 milioi euro ingurukoa, eta estaldura-tasa %142,0koa da.
Hil honetan Bizkaiko esportazioak %10,4 gehitu dira, Araban %8,3 eta Gipuzkoan %1,2. Esportazio energetikoek %49,6 egin dute aurrera Bizkaian, aurreko urteko hil beraren aldean, eta, horrela, zortzi hilabeteko tasa negatiboen bolada eten da.
Araban, esportazioak Garraio-materiala eta Metalak eta haien manufakturak arloetan kontzentratzen dira; hala ere, lehenak %3,5eko murrizketa jasan du (guztira 567,1 milioi esportatu), eta bigarrenak %24,7 egin du atzera. Garraio-materialak % 60,1 biltzen du eta Metalak eta haien manufakturak % 15,6. Plastikoak eta kautxua % 24,9 hazi da (64,2 milioi esportatu) eta Materiala, makinak eta tresna elektrikoak % 13,2, alegia, 62,7 milioi.
Zenbaki desberdinak
Gipuzkoan, nazioarteko merkataritzaren hiru laurdenak baino gehiago (%78,7) muga-zergen hiru ataletan izan dira batez ere, baina zenbaki desberdinak izan dituzte urte arteko konparazioan: "Materiala, makinak eta tresna elektrikoak" (%+16,0), "Garraio-materiala" (%+25,2) eta "Metalak eta haien manufakturak" (%-19,5).
Bizkaian, Garraio-materiala (%71,5) eta Produktu mineralak eta energetikoak (%50,7 eta 350,6 milioi esportatu) sektoreen esportazioak gora egin du, hau da, aurreko urteko hil berean baino 117,9 milioi eta 186.501 tona gehiago.
2023ko azaroan, bost herrialdek (Frantzia, Alemania, Estatu Batuak, Erresuma Batua eta Italia) osatzen dute Euskal Autonomia Erkidegoko bezero nagusien taldea, esportatutako guztiaren %53,7 hartu baitute (1.693,1 milioi). Horietako hiru EB27koak dira, eta %61,5 barne hartzen dute.
Frantzia, guztira 524,1 milioi eurorekin, esportazioen xede bakoitzeko herrialdeen rankingaren lehen postuan dago hilabete honetan, eta honako hauek nabarmentzen dira jasotzen dituen produktuen artean: "Petrolioaren olio finduak" (97,2 milioi), Automobilentzako zati eta osagarriak (35,2 milioi), Kautxuzko pneumatiko berriak (28,9 milioi), Petrolio- edo mineral-olio bituminosoak (27,4 milioi), Salgaiak garraiatzeko ibilgailu automobilak (24,8 milioi) eta 10 pertsona baino gutxiagoko turismoak (23,6 milioi).
Alemaniarako esportazioak 460,7 milioi eurokoak izan dira hil honetan, eta, batez ere, automobilaren sektoreari lotutakoak izan dira.