Eustatek landutako datuen arabera, Euskal AEn bizi diren 18 urteko eta gehiagoko biztanleek 23.313 euroko batez besteko errenta pertsonala lortu dute 2021ean, hau da, aurreko urtekoa baino % 4,3 handiagoa (970 euro gehiago).

Lurralde-banaketari dagokionez, batez besteko errenta pertsonalik handiena Gipuzkoakoa izan da (24.341 euro), eta, haren atzetik, Bizkaikoa eta Arabakoa (22.944 euro eta 22.373 euro, hurrenez hurren). 2020. urtearekin alderatuta, berriz, Gipuzkoan batez besteko errenta pertsonalak izan duen igoera (% 3,5ekoa) Arabakoa eta Bizkaikoa baino txikiagoa izan da (% 4koa eta % 5ekoa, hurrenez hurren).

Hiriburuen kasuan, adierazitako aldeak are handiagoak dira. Izan ere, Donostian bizi diren pertsonen batez besteko errenta (27.558 euro) Euskal AEko batezbestekoa baino 4.245 euro handiagoa da. Bilbon eta Gasteizen bizi diren pertsonen batez besteko errentak, berriz, Euskal AEko batezbestekoaren antzekoagoak dira (23.592 euro eta 22.615 euro, hurrenez hurren).

Euskal AEn bizi diren pertsonen errenta erabilgarria (guztizko errentari errentaren gaineko zerga eta langileen konturako gizarte-kotizazioak kenduta kalkulatzen dena) 19.366 eurokoa izan da 2021ean, hau da, guztizko errentaren % 83,1. Errenta erabilgarria 2020koa baino 667 euro handiagoa izan da (% 3,6 handiagoa). Lurraldearen arabera, Gipuzkoako errenta erabilgarria (20.169 euro) Bizkaikoa eta Arabakoa baino handiagoa izan da (19.082 euro eta 18.613 euro, hurrenez hurren).

Euskal AEn bizi diren pertsonek 2021eko ekitaldian jasotako guztizko errenta pertsonalaren osaerari dagokionez, errenta pertsonalaren % 58,4ren jatorria lana izan da, 13.623 euroko batezbestekoarekin (aurreko urtean baino 817 euro gehiago), % 29,1ena transferentziak edo gizarte-prestazioak (6.772 euro), % 4,7rena jarduera ekonomikoen errentak (1.088 euro) eta % 7,8rena kapital higigarriaren zein higiezinaren errentak (1.830 euro).

2021. urtean, guztizko errentak % 4,3 egin du gora, eta igoera hori errenta mota guztietan gertatu da, transferentziengatiko errentaren kasuan izan ezik (errenta hori % 1,7 jaitsi da). Lan-errentek % 6,4ko igoera izan dute, eta kapital-errentek, berriz, % 10,3koa.

Errentak biztanleen artean izan duen banaketari dagokionez, errenta motaren bat jaso duten 18 urteko eta gehiagoko pertsonak 1,6 milioi dira, hau da, % 86,3; beraz, adin-talde horietako biztanleen % 13,7k ez dute inolako diru-sarrerarik izan 2021. urtean. Gainera, pertsonen % 59,5ek Euskal AEko batezbestekoa baino errenta txikiagoa izan dute (inolako errentarik jaso ez dutenak barnean hartuta), eta % 9,7k batezbestekoaren bikoitza baino errenta handiagoa izan dute (hau da, 46.626 eurotik gorako errenta).

Mediana (hau da, biztanleria bi zati berdinetan banatzen duen errenta zein den ezartzen duen adierazlea) 18.707 eurokoa izan da. Beraz, 2021. urtean, Euskal AEko adin nagusiko biztanleen erdiek urteko 18.707 eurotik gorako batez besteko errenta pertsonala dute, eta gainerako erdiek, berriz, zenbateko hori baino errenta txikiagoa.

Batez besteko errenta pertsonala desberdina da adinaren eta generoaren arabera. Adinari dagokionez, errenta handiagoa da adinean gora egin ahala, 55-59 urtekoen taldera iritsi arte. Handik aurrera, behera egiten du biztanleria aktiboaren adin-tarteetatik urrundu ahala.

Gizonen errentaren eta emakumeen errentaren banaketan aldeak agertzen dira. Euskal AEko gizonek 28.360 euroko batez besteko errenta lortu dute, eta emakumeek, berriz, 18.659 eurokoa. Beraz, gizonen errenta pertsonala emakumeena baino 9.701 euro handiagoa izan da. Alderik handiena 70-74 urtekoen adin-tartean erregistratu da. Kasu horretan, gizonen batez besteko errenta emakumeena baino 15.000 euro handiagoa izan da. Alde esanguratsuak izan badira ere, aurreko urtean baino 855 euro txikiagoak izan dira 2021ean.

18-24 urteko gazteen batez besteko errenta pertsonala, bestalde, 4.490 eurora iritsi da eta % 13,3ko igoera izan du 2021ean, aurreko urtekoarekin alderatuta. Adin-tarte horretan, gizonen batez besteko errenta 5.077 eurora iritsi da eta % 15,6ko igoera izan du. Emakumeen batez besteko errenta, berriz, 3.861 eurokoa izan da, eta, beraz, % 10,3ko igoera izan du. Era berean, 25-29 urteko gazteen batez besteko errenta 16.069 eurora iritsi da, eta gora egin du 2020. urtearekin alderatuta, baina neurri txikiagoan (% 8,4ko igoera). Igoera hori handiagoa izan da gizonen kasuan emakumeen kasuan baino (% 8,5 eta % 8,1, hurrenez hurren).