Eustaten datuen arabera, 2023ko abuztuan, Euskal AEko industria-prezioak % 1,5 igo dira aurreko hilaren aldean. Abuztuko urtearteko tasa % 2,6 jaitsi da. Tasa horrek jasotzen du zer aldakuntza izan duten industria-prezioek azken hamabi hiletan.
Azterketa zehatzago batek agerian uzten du ezen, 2023ko abuztuan, Elikaduraren, edarien eta tabakoaren industria (% 1,9), Industria kimikoa (% 0,5) eta Ura (% 0,3) sektoreek izan dituztela prezio-jaitsierarik handienak aurreko hilaren aldean. Aitzitik, sektore hauek izan dituzte hiletik hilerako prezio-igoerarik handienak: Koke-lantegiak eta petrolioa fintzea (% 11,2), Botiken fabrikazioa (% 1,4) eta Zurgintza, papera eta arte grafikoak (% 1,2).
Ondasunak helburu ekonomikoaren arabera sailkatuz, Energiaren prezioak % 6,3 igo dira 2023ko uztailaren aldean. Bestalde, bai Bitarteko ondasunen prezioak, bai Ekipo-ondasunenak % 0,6 igo dira. Kontsumo-ondasunen prezioak, aldiz, % 1,6 jaitsi dira. Izan ere, Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren prezioak % 1,8 jaitsi dira, Kontsumo-ondasun iraunkorren prezioak egonkor mantendu direlako.
2023ko abuztuan, 2022ko abuztuarekin alderatuta, urtetik urterako prezio-jaitsiera handienak honako adar hauetan izan dira: Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (% 20,7), Koke-lantegiak eta petrolio-findegiak (% 13,8) eta Industria kimikoa (% 6,3). Aitzitik, urtetik urterako igoerarik handiena prezio hauek izan dute: Ateratze-industriak (% 10,4); Kautxua, plastikoa eta beste produktu mineral ez-metalezkoak (% 10,0), eta Elikaduraren, edarien eta tabakoaren industria (% 9,2).
Prezioen aldakuntza, urtetik urterako balioetan, positiboa izan da helburu ekonomikoaren arabera sailkatutako ondasun-talde handi guztientzat, Energiarentzat izan ezik, % 17,7ko jaitsiera izan baitu. Kontsumo-ondasunen prezioak % 8,1 igo dira. Izan ere, Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren prezioak % 8,4 igo dira, eta Kontsumo-ondasun iraunkorrenak % 6,3. Ekipo-ondasunen prezioak % 5,1 hazi dira, eta, azkenik, Bitarteko ondasunenak % 2,4.