Goi eta erdi-goi teknologiaren sektoreak (GTS) 95.412 lanpostu sortu zituen 2021ean, hau da, Euskal AEko lanpostuen % 8,7. Eustatek prestatutako datuen arabera, % 1,8 hazi da. Jarduera horiek 5.033 enpresatan garatu ziren, eta guztira 21.812 milioi euro fakturatu zituzten. Sektore horretan sartzen dira oinarri teknologiko sendoa duten eta ezagutzak azkar berritzen diren jarduerak, eta jarduera horiek ekonomiaren balio erantsi gordin osoaren % 8,6 sortu zuten.
Espainiako goi eta erdi-goi teknologiaren sektorea kontuan hartuta, enpresen % 5,4 Euskal AEn daude eta balio erantsi gordinaren % 7,9 sortzen dute. Manufaktura-industria soilik kontuan hartuz gero, sektore horren pisua handiagoa da, enpresen % 7,1 eta balio erantsiaren % 10,2 baita.
Aurreko ekitaldiaren aldean, magnitude nagusi guztiek hobera egin dute. Izatez, enpresa kopuruak eta lanpostu kopuruak % 1,8 egin dute gora; negozio-zifrak % 10,0 egin du gora, eta balio erantsiak % 5,3. Jarduera horretan aritzen diren enpresek, 2021ean, batez beste 19 landun zituzten.
Goi eta erdi-goi teknologiaren sektorean, enpresen % 13,1ek I+Gko jarduerak egiten dituzte, eta ehuneko hori sektoreen multzoaren ehunekoa baino askoz ere handiagoa da (% 1,0koa da azken hori). Gainera, sektore horrek, enpresen % 3,3 baino ez bada ere, enpresa-sektorean I+Ga egiten duten enpresen % 44,4 hartzen du, eta, 934,0 milioi eurorekin, enpresa-sektorearen I+Gko barne-gastu osoaren % 73,2 gauzatzen du.
Sektore horretan, I+Gan diharduten langileei dagokienez, aipatzekoa da 2021ean 10.542 langile ari zirela “Dedikazio Osoko Baliokidetzan (DOB)”, enpresa-sektoreak I+Gra bideratzen dituen langileen % 70,8, edo sektore guztiek jarduera horietara bideratzen dituzten langileen % 50,7. Horietatik 3.358 emakumeak dira, hau da, % 31,9. Dedikazio Osoko Baliokidetzan ari diren langileen artean, 7.039 ikertzaileen kategorian sartzen dira, eta horien artean 2.301 emakumeak dira, hots, % 32,7.
Berrikuntzari erreparatuz gero, eta I+Garekin gertatzen zen bezalaxe, alde nabarmenak daude sektoreen multzo osoaren eta goi eta erdi-goi teknologiaren sektorearen artean. 2021ean sektore horretako establezimenduen % 33,5 berritzaileak izan ziren, eta sektoreen multzoaren % 19,9. Dena dela, 10 langile edo gehiagoko establezimenduetan, ehuneko hori % 55,6 da lehen kasuan. eta % 32,6 bigarrenean. Goi eta erdi-goi teknologiaren sektoreko establezimenduek, 2021ean, 1.654 milioi euro jarri zituzten jarduera berritzaileetarako, sektore guztien gastu osoaren erdia baino gehiago, % 54,6 hain zuzen. Gastu horretatik 1.531 milioi 10 langile edo gehiagoko establezimenduei zegozkien, hau da, tamaina horretako enpresek jarduera horretan gastatutako zenbateko osoaren % 58,4.
Era berean, “Berrikuntza”ko eta “Barneko I+G”ko intentsitate-ratioei erreparatuta, agerikoa da goi eta erdi-goi teknologiaren sektoreak gainerako sektoreek baino baliabide-proportzio gehiago jarri zituela I+G+Brako. Hala islatzen da sektore horrek berrikuntzan zein I+Gan gastura bideratzen dituen zenbatekoak negozio-zifrarekin alderatuz gero. Zehazki, berrikuntzako intentsitatea % 6,47 da sektore horretan, eta % 1,69 da sektore ekonomikoen multzoan. Barneko I+Garen kasuan, ratioa % 3,84 da sektorerako, eta % 0,92 multzo osorako.