Eustaten datuen arabera, Euskal AEko industria-prezioek % 1,7 egin dute behera 2023ko uztailean, aurreko hilaren aldean. Uztaileko urtearteko tasak, hau da, azken hamabi hiletan industriako prezioek izandako aldakuntza jasotzen duen tasak, % 5,0 egin du behera.

Zehatzago aztertuta, agerian geratzen da 2023ko uztailean honako sektore hauek izan dituztela prezio-jaitsierarik nabarmenenak: Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (% 10,0 gutxiago); Zurgintza, papera eta arte grafikoak (% 4,1 gutxiago), eta Ehungintza, jantzigintza, larrugintza eta zapatagintza (% 3,6 gutxiago). Aitzitik, honako sektore hauek izan dituzte hiletik hilera prezio-igoerarik handienak: Koke-lantegiak eta petrolioa fintzea (% 3,9 gehiago); Elikaduraren, edarien eta tabakoaren industria (% 2,2), eta Informatikako, elektronikako eta optikako produktuen fabrikazioa (% 1,3).

Ondasunak helburu ekonomikoaren arabera sailkatuz, Energiaren prezioak % 4,0 jaitsi dira 2023ko ekainaren aldean. Bestalde, Bitarteko ondasunen prezioak % 1,4 jaitsi dira, eta Ekipo-ondasunenak % 0,7. Kontsumo-ondasunen prezioak, aldiz, % 2,2 igo dira. Izan ere, Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren prezioak % 2,6 igo dira, kontsumo-ondasun iraunkorren prezioak % 0,2 jaitsi direlako.

Urtetik urterako ehunekoetan, 2023ko uztailean, 2022ko uztailaren aldean, honako adar hauetan jaitsi dira prezioak nabarmenen: Koke-lantegiak eta petrolioa fintzea (% 26,6); Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (% 21,3), eta Industria kimikoa (% 4,7). Aitzitik, urtetik urterako ehunekoetan, prezio hauek igo dira gehien: Elikaduraren, edarien eta tabakoaren industria (% 12,1); Ateratze-industriak (% 10,8), eta Kautxua, plastikoa eta beste produktu mineral ez-metalezko batzuk (% 10,1).

Prezioen aldaketa, urtetik urterako ehunekoetan, positiboa izan da helburu ekonomikoa kontuan hartuta sailkatutako ondasun-talde handi guztientzat, Energiarentzat izan ezik, adar hori % 24,9 jaitsi baita. Kontsumo-ondasunen prezioak % 10,7 igo dira. Izan ere, Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren prezioak % 11,4 igo dira, eta Kontsumo-ondasun iraunkorrenak % 6,3. Ekipo-ondasunen prezioak % 4,8 hazi dira, eta, azkenik, Bitarteko ondasunen prezioak % 1,2.