2022ko urtarrilaren 1ean Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitzen parkea 1.079.201 unitatek osatzen zuten, Eustaten datuen arabera. Etxebizitza horien erdia baino gehiago, 559.235 etxebizitza, Bizkaian daude, eta bizitegi-parkearen % 51,8 hartzen du, beraz. Gipuzkoan 351.356 etxebizitza daude, guztizkoaren % 32,6, eta gainerako 168.610 etxebizitzak Araban daude, parke osoaren % 15,6 izanik.

2021 eta 2022 artean 4.125 etxebizitza gehiago erregistratu dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitza-parkeak % 0,4ko igoera erlatiboa izan du, beraz. Azpimarratzekoa da Bizkaian izandako hazkundea, 2.531 unitate gehiago baitaude, eta igoera, beraz, % 0,5ekoa izan da. Gipuzkoan, bestalde, beste 1.070 etxebizitza batu dira, eta igoera % 0,3koa izan da. Araban ere igoera % 0,3koa izan da, beste 524 etxebizitza batu baitira.

Familia-etxebizitzen parkearen % 85,2 ohiko bizitegietarako da, eta gainerako % 14,8 bigarren mailako edo bizilagunik gabeko etxebizitzei dagokie. Banaketa portzentual hori nahiko konstantea izan da denboran zehar.

Ohiko bizitegi diren familia-etxebizitzen proportzioak desberdintasun batzuk ditu lurralde historikoetan: % 83,2 dira Araban, % 85 Gipuzkoan (bi kasuetan 2021ean baino bi hamarren gehiago) eta % 85,9 Bizkaian (duela urtebeteko balio bera). Horrela, Araba da bigarren mailako etxebizitzen eta/edo hutsik dauden etxebizitzen proportzio handiena duena, % 16,8rekin; eta Gipuzkoan proportzioa % 15ekoa da eta Bizkaian % 14,1ekoa.

Etxebizitzen erabilera udalerrien tamainaren arabera aztertuz gero, bereziki nabarmentzen da 10.000 bizilagunetik beherako estratua. Multzo horretan, familia-etxebizitza nagusien parkeak Euskal AEko batez bestekoa baino igoera handiagoa izan zuen aurreko urtearekin alderatuta (% 0,9koa, batez bestekoa % 0,5ekoa izanik). Bestalde, behera egin zuen bigarren mailako etxebizitzen edo hutsik dauden etxebizitzen kopuruak estratu horretan (-% 1,6, batez bestekoa -% 0,3koa izanik).

Etxebizitza nagusiak ez direnetan izandako beherakada eta ohiko bizitegi diren etxebizitzen kopuruan izandako igoera neurri txikiagoan errepikatzen da gainerako kategorietan. Salbuespena 40.000 eta 100.000 biztanle artean dituzten udalerrien estratua da, eta hor sartzen dira Barakaldo, Basauri, Getxo, Irun, Portugalete eta Santurtzi. Udalerri horietan aldatu gabe mantendu zen ohiko bizitegien ehunekoa, eta, aldi berean, % 5,1 egin zuen gora bigarren mailako etxebizitzen edo hutsik dauden etxebizitzen kopuruak 2021. urtearekin alderatuta.