Martxoan metatutako zenbatekoa 407,9 milioi euro izan zen, hain zuzen, aurreko urtean baino % 5,8 gehiago, hau da, 22,2 milioi gehiago.
Zuzeneko zein zeharkako zergek bilakaera ona izan dute, % 6,2ko eta % 5,6ko igoerak izan baitituzte, hurrenez hurren, aurreko urtean lortutako dirubilketaren aldean bi kasuetan.
Dirubilketa, guztira
Zuzeneko eta zeharkako zergek izan duten "bilakaera positiboak" dirubilketa aurreko urtean izandakoaren aldean % 5,8 handitzen lagundu du.
Igoera horrek 407,9 milioiko dirubilketa metatua ekarri du, hau da, 2022an bildutakoa baino 22,2 milioi gehiago guztira.
Zuzeneko zergak: 245,5 milioi euro, (% 6,2)
PFEZ: 225,9 milioi (% 5,3)
"Zerga horrek joera positiboa izan du eta, beraz, aurreko urtean baino 11,3 milioi euro gehiago bildu ditu. Zehazki, PFEZaren dirubilketa % 5,3 igo da, 225,9 milioi eurora iritsi arte. Lan atxikipenen kontzeptuak 214 milioi euro bildu ditu urteko lehen hiruhilekoan. Kontzeptu hori enpleguaren bilakaerarekin hertsiki lotuta dago, eta bilakaera ona izan du, aurreko urtean baino 16,4 milioi euro gehiago biltzen lagundu baitu (% 8,3)", azaldu du Arabako Foru Aldundiak.
Sozietateen gaineko zerga: 9,5 milioi (-% 12,4)
"Zerga horretan dirubilketa txikiagoa izatearen arrazoia da itzulketak egin diren denbora eremu desberdina, zehazki, urteko lehen hilabeteetan. 9,5 milioi euro bildu dira".
Zeharkako zergak:159,8 milioi euro, (% 5,6)
"Zeharkako zergek, batez ere hidrokarburoenek, izan duten portaera onak konpentsatu du BEZaren dirubilketak izan duen igoera txikia, eta 8,4 milioi euroko hazkundea eragin du dirubilketan, aurreko urtearekin alderatuta, eta 159,8 milioi eurora iritsi da".
BEZa: 111,3 milioi euro (-% 0,3)
Guztira 111,3 milioi bildu dira, iaz baino 0,3 milioi gutxiago. Foru Ogasunak itzulketak arintzen ditu, eta horrek azaltzen du murrizketa hori.
Hidrokarburuak: 28,5 milioi euro (% 44,4)
"Aurreko urtean bildutakoa baino 8,7 milioi euro gehiagorekin, 28,5 milioi eurotaraino heldu da dirubilketa. Jarduera ekonomikoaren martxa positiboaren adierazle ona da hori".