Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ingurumen-zergen zenbatekoa 1.363 milioi eurokoa izan zen 2021ean, aurreko urtean baino 167 milioi gehiago (+%13,9), hau da, BPGren % 1,7, Eustatek landutako Ingurumen-zergen kontuen arabera. Datu horiekin, 2019. urteko antzeko mailak lortzen dira, pandemiaren ondorio ekonomiko eta sanitarioetatik salbuetsita.

Kontu hori ingurumen kontuen sistemaren parte da, eta Eurostaten metodologiari jarraituz lantzen da. Bere esparrua honako zerga hauek osatzen dute: zerga-oinarritzat dutenak ingurumenean eragin negatiboa, egiaztatua eta espezifikoa duen materialen baten unitate fisikoa (edo antzekoa), Europako Kontu Sistema-SEC2010n zerga gisa identifikatua.

Ingurumen-zergak, ingurumenaren arloko irizpidearen arabera, hiru kategoriatan sailkatzen dira: Energiaren gaineko zergak, Garraioaren gaineko zergak eta Kutsaduraren eta baliabideen gaineko zergak.

"Ingurumen-zergen izaerari dagokionez, energiaren gaineko zergak izan ziren zenbateko handiena izan zutenak, 1.196 milioira iritsi baitziren 2021ean, ingurumen-zerga guztien % 87,7; gainera, hazkunde handiena izan zuten, % 16,0, 2020. urtearekin alderatuta", azpimarratu zuten txostenean. Igoera hori hidrokarburoen zerga bereziaren bilakaeraren ondorio zuzena izan zen: 1.005 milioi, energiaren gaineko zergen % 84,0, eta % 18,9ko igoera, hau da, 2020an baino 160 milioi gehiago. Talde horretan, garrantzian jarraitzen diote berotegi-efektuko gasak isurtzeko eskubideek: % 35,4 igo ziren 2020arekin alderatuta, isurketa-eskubideen batez besteko prezioen igoera nabarmenaren ondorioz.