AZTI zentro teknologikoak burututako Bioman kanpaina zientifikoaren behin-behineko emaitzen arabera, 230.000 tona ingurukoa da bokartaren biomasa Bizkaiko Golkoan, espeziearen iraunkortasuna bermatzen duen gutxieneko balioa (21.000 tona) baino askoz handiagoa. Stockaren ugaritasunari buruzko behin betiko datuak 2022aren amaieran kalkulatuko dira, Frantziako Ifremer zentroak egindako Pelgas ikerketako eta AZTIk udazkenean egingo duen Juvena (AZTI) kanpainen datuekin analisi bateratua egin ondoren. Azken datu horretan eta arrantzaleek kanpainan zehar lortutako harrapaketetan oinarrituta ezarriko du Europako Batasunak datorren urterako harrapaketa muga. Bioman kanpaina Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko, Ingurumen eta Iraunkortasun Sailak eta Europako Batzordeak finantzatzen dute, eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Arrantza Idazkaritza Nagusiaren laguntza du. Ikerketa, maiatzean egin dute Emma Bardan eta Vizconde de Eza ontzi ozeanografikoetan eta, ondoren, laginak aztertu dituzte AZTIko laborategietan. Euskal zentro teknologikoa aintzindaria da bokartaren ikerketan. Izan ere, urtero azter-tzen du biomasa 1986tik.

Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak nabarmendu egin du antxoaren biomasa osasuntsu egoteak euskal arrantza sektorearentzat duen garrantzia. “Emaitzen arabera, espeziearen stocka egoera onean dago Bizkaiko golkoan. Berri bikainak balioa ematen dio urtean zehar Euskal Autonomia Erkidegoan 3.500 pertsona baino gehiagori lana ematen dien baliabide baten ingurumen eta arrantza sektorearen iraunkortasunaren alde egin dugun apustuari” adierazi du Orozek. Bestalde, Rogelio Pozo, AZTIko zuzendari nagusiak, azken urteetan bokartaren egoera aztertzeko kanpainen emaitzek izan duten joera positiboa azpimarratu du eta baikor agertu da datorren urteko arrantzaldiari dagokionez. “Bokarten %55a 1 adinekoa da, batez besteko zifra ertain altua. Serie historikoaren batez bestekotik gora dago, eta 2023ko arran-tzaldiak emaitza positiboak izan ditzakeela aurreikusteko balio digu” esan du Pozok. Bizkaiko eta Gipuzkoako baxura kofradietako ordezkariak ere izan dira Bioman kanpainaren emaitzen aurkezpenean.

Ikuspegi ekosistemikoa

Bioman kanpainak ez du antxoaren biomasa bakarrik aztertzen. Ikuspegi ekosistemikoa hartu du 2016tik aurrera. Itsasoen iraunkortasunaren aldeko apustu integrala da, eta arrainen biomasaz gain, haien elikadura (zooplanktonaren eta iktioplanktonaren azterketa) eta habitata ere ebaluatzen ditu. Horrezaz gain, harrapakariak -zetazeoak eta hegaztiak barne- eta aldagai ozeanografikoak –itsasoko uraren tenperatura, gazitasuna, etab.–aztertzen ditu. “Azken hogeita hamabost urteetan, ugaritu egin da antxoak itsasoan aurkitzen duen jatekoa. Zooplanktona, eta, zehatzago, kopepodoak –krustazeo txikiek osatzen dute zooplanktonaren ia %70a– %2,4 hazi dira hamarkada bakoitzean, eta hori albiste ona da, jatekorik gabe ez dagoelako arrainik”, diote AZTItik.

6.528 tn aurten

Aurtengo antxoaren kanpainako datuak eman ditu Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak. 6.528 tona harrapatu dituzte euskal ontziek, 1,58 euro/kg-ko batez besteko prezioarekin. Nabarmentzekoa da arrainaren batez besteko prezioak izan duen igoera aurreko urtearekin alderatuta. Une honetan, bestalde, Euskadiko baxura flotako ontziak buru belarri sartuta daude hegaluzearen arrantzaldian. Egunotan, hegaluzea sartzen ari da Gipuzkoa eta Bizkaiko portuetan. Harrapaketa erritmoa, baina, aurreko urtekoa baino motelagoa da. Gogoratu behar da, 2021eko hegaluzearen kanpaina inoizko laburrena izan zela, abuztuaren erdialderako Madridek itxi egin baitzuen arrantzaldia urteko kuota agortuta zegoelako. Orain arte ikusitakoaren arabera, badirudi kostera aurreko urteetakoa baino luzeagoa izango dela. Hegaluzearen prezioari dagokionez, 4 euro inguruan dabil arrain handiaren-tzat –zazpi kilotik gorakoa– eta apur bat merkeago ertainarentzat, lau eta zazpi kilo bitartekoa.