Bilboko Udaltzaingoak, Ertzaintzak eta Athletic Club taldeak koordinatutako "dispositibo sendo bat" izango da Bizkaiko hiriburuan ostegunean, maiatzaren 1ean, Athletic Club eta Manchester United Football Club taldeek San Mamesen 21:00etan jokatuko duten Europa Ligako finalerdietako joaneko partida dela eta.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek jakinarazi dutenez, diseinatutako dispositiboak San Mames inguruari eragingo dio batez ere, bi zalegoen eta, oro har, herritarren segurtasuna bermatzeko neurri batzuk zehazte aldera.
Horrela, ohikoa den bezala, trafikoa eten egingo da eta garraio publikoan aldaketak egin beharko dira. Zirkulazio murrizketak Moyua plazaren eta Carlton hotelaren inguruan eta San Mames inguruan izango dira bereziki, bai eta zale ingelesen estadiorako ibilbidean zehar ere.
Ildo horretan, Europan horrelako ekitaldietan ohikoa den prozedurari jarraikiz, bisitariei elkargune batera joateko eskatuko zaie, denak batera joan daitezen San Mameser, Ertzaintzako agenteek lagunduta. Zale ingelesen elkargunea Iparragirre kalearen lehen zatian egongo da, Guggenheim museotik hurbilen dagoen tartean, eta 18:00ak aldera abiatuko dira San Mameserantz.
Era berean, 18:00ak inguruan ere, zirkulazioa murriztu eta moztuko da Felipe Serrate kalean, Sabino Arana etorbidean, Euskalduna zubian eta Jesusen Bihotza plazan. Ordu erdi lehenago, 17:30etik aurrera, lehenengo trafiko mozketak egingo dira Carlton hotelaren inguruan. Udaltzainek eta ertzainek zaleen arteko bizikidetza bermatuko dute egun osoan zehar.
Garraio publikoari dagokionez, tranbia zerbitzua 18:00etatik aurrera aldatuko da Pio Baroja eta Casilla geralekuen artean. Gainera, partidak eragina izan dezake Bilbobusen eta Bizkaibusen zerbitzuetan, eta gomendatu dute balizko aldaketa eta alternatibak pantailetan edo webguneetan kontsultatzea.
Horregatik guztiagatik, dispositiboaren koordinatzaileek bertoko zaletuei gomendatu diete zelaira hurbiltzeko garraio publikoa erabil dezatela eta behar besteko aurrerapenaz sar daitezela.
Ildo horretan, San Mameseko ateak 19:30ean zabalduko dira, partida hasi baino ordu eta erdi lehenago, eta sarrera ahalik eta lasterren egitea gomendatu dute, azken orduko jende pilaketak eragozteko. Gainera, Bilboko Udalaren eta Jaurlaritzaren gomendioekin bat etorriz, San Mameserako joan-etorria oinez edo garraio publikoan egitea eskatu dute.