Síguenos en redes sociales:

Sergio Francisco izango da Realeko entrenatzailea datorren denboraldian

Sergio Francisco izango da Realeko entrenatzailea datorren denboraldianUtzitakoa

Realak eta Sergio Franciscok akordioa lortu dute entrenatzaile irundarrak datorren denboralditik aurrera lehen taldearen ardura har dezan Imanol Alguacilen ordez. Gaur egun Sanseren entrenatzailea denak 2026-2027ko denboraldiaren amaierara arte akordioa sinatu du, Realak sarean argitaratutako ohar batean jakinarazi duenez.

Sergio Franciscok larunbatean zuzenduko du azken aldiz Sanse Salmancako Unionistas taldearen aurkako partidan, eta astelehenetik aurrera lehen taldearen hurrengo denboraldia planifikatzen ariko da futbol zuzendaritzarekin batera. Iosu Rivas filialeko bigarren entrenatzaileak hartuko du Sanseren ardura denboraldi amaiera arte.

Futbolari bezala lehen taldean debutatu zuen 2000. urtean, Easo, A jubenilean eta Sansen jokatu ondoren; lehen taldean bost partida jokatu zituen

Sergio Franciscok "eskarmentu handia" du klub txuri-urdinean. Futbolari bezala lehen taldean debutatu zuen 2000. urtean, Easo, A jubenilean eta Sansen jokatu ondoren. Lehen taldean bost partida jokatu zituen.

Bere entrenatzaile etapa Eason hasi zuen 2014an. Ondoren, Berio FTra pasa zen bigarren entrenatzaile bezala, eta Realaren hirugarren taldearen ardura hartu zuen 2017-2018ko denboraldian.

Bost denboraldiz Reala C zuzentzen aritu ondoren, eta Bigarren RFEF mailara igoera lortuta, Sergio Francisco Sanse taldeko teknikari izatera pasa zen, eta bertan egon da azken hiru denboraldietan, "lan bikaina eginez". Orain, lehen taldearen gidaritza eramateko aukera eta ardura iritsi zaio, bertatik ondorioztatu dutenez.