Alice Maria Arzuffi igotzailea da Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa taldearen bigarren fitxaketa datorren denboraldirako. Italiako txirrindulariak bi urterako sinatu du, 2025erako eta 2026rako, eta itzulietan nabarmentzea izango du erronka nagusiena.
Arzuffi itzulietan nabarmentzeko igotzailea da, aurten erakutsi duen bezala, 17.a izan baita Italiako Giroan eta 20.a Frantziako Tourrean. 2024an, gainera, hirugarren izan zen Europako Gravel Txapelketan, eta Zuricheko errepideko Munduko Txapelketa lehiatzeko hautatu zuten.
Beraz, euskal taldeari sendotasuna emateko iritsi da, bereziki saio menditsuetan eta itzulietan, Ane Santesteban eta Usoa Ostolaza taldekideekin lidergoa partekatzeko. Heldutasun betean iritsiko da, aurrera egiteko tartea duen beste txirrindulari bat da, eta bere eskarmentua gehituko dio multzoari.
Profesionala 2013tik, errepideko txirrindularitzaren alde egin zuen 2022tik, ziklo-krosa atzean utziz, Europako onenetakoa izan eta gero. Arianna Fidanza bezala, WorldTourreko Ceratizit taldetik dator eta aurretik Valvcar eta Bizkaia-Durango taldeetan aritu zen.
Taldeak zabaldutako adierazpenetan, Alice Maria Arzuffik esan du "harro" dagoela Laboral Kutxa taldeko txirrindulari izateaz. "Urtetik urtera gora egiten duela nabari da, eta ingurune ona iruditzen zait zenbait emaitza garrantzitsu lortzeko. Aurten lortu dudan maila berretsi nahiko nuke, zalantzarik gabe, are gehiago hobetzeko, eta nire helburua maillot morearekin lasterketa garrantzitsuren bat irabaztea da. Igotzailentzat daukat neure burua, eta ihesaldiak eta itzuliak gustukoak ditut".
Bestalde, Ion Lazkano Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioko kirol arduradunak nabarmendu du Arzuffi mendate luzeetan "oso ondo defendatzen den txirrindularia" dela, eta itzuli handietan egunetik egunera indarrak oso ondo berreskuratzen dituela erakutsi duela. "Gure asmoa da gurekin hazten eta urratsak ematen jarraitzea. Hemen aurrera egiteko aukera izango du. Espero dezagun taldearen maila haztea eta eta protagonista izatea itzulietan", gaineratu du.
Mopdu honetan, Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioak 12 txirrindulari ditu jada datorren denboraldirako: Naia Amondarain (berritzea), Alice Maria Arzuffi (fitxaketa), Idoia Eraso, Arianna Fidanza (fitxaketa), Usoa Ostolaza (luzapena), Ane Santesteban, Debora Silvestri (berritzea), Catalina Soto, Alba Teruel, Laura Tomasi, Cristina Tonetti eta Eneritz Vadillo.