Síguenos en redes sociales:

Natura eta elkartasuna izango dira irailaren 2an egingo den III. Bastida Vital Trailaren ezaugarri

Aurten distantzia bi izango ditu, 14,7 km-koa eta 23,5 km-koa, baita ohiko Bastida Vital Trail Txiki ere

Natura eta elkartasuna izango dira irailaren 2an egingo den III. Bastida Vital Trailaren ezaugarriPilar Barco

Bastida Vital Trailek lasterketa aparta horren hirugarren edizioa beteko du datorren larunbatean, irailak 2. Bertan, kirol-proba baten elementu klasikoak naturarekiko gozamenarekin nahiz errespetuarekin eta elkartasunarekin uztartuko dira. Irteera 8:00etan izango da Bakearen plazatik eta 23,5 kilometroko ibilbidea Bastida ingurutik igaroko da. Gainera, aurtengo edizioak 14,7 km-ko beste distantzia bat izango du, parte-hartzaile herrikoi edo adin tikikoengan pentsatua. Hiru ordu geroago Bastida Vital Trail Txiki egingo da.

 “Hain zuzen ere, proba hori berezi egiten duen kirola, natura eta elkartasuna triangelu hori bat dator Vital Fundazioaren filosofiarekin”, nabarmendu dute erakundearen aldetik ekitaldi horren alde egiteko orduan. 

 Kirol-alderdiari dagokionez, 23,5 eta 14,7 km-ko lasterketak (1.200 eta 550 metroko desnibela dute, hurrenez hurren) Kantabria mendilerroaren hegoaldeko isurialdetik igaroko dira batez ere, Bastidatik (Araba) abiatuta, estrategikoki kokatutako hainbat kultura-gunetan barrena, Toloño mendiaren gailurreraino.

 Toloñoko arkuan hasiko da ibilbidea eta San Gineserako norabidean jarraituko du. Bidearen erdian, Fraideen iturrirako desbideratzea hartuko da (akueduktuaren azpitik), ‘Hiru marran’ kokapenerantz jarraituko da (lehenengo anoa-postua) eta hortik, Toloñorako norabidean, San Kristobal tontorrean dagoen suebakirako sarbidea den ezkerretarako desbideratzea bilatu behar da. Ondoren, bidezidor batetik, Buradon Gatzagarako bidea hartuko dute eta Mairuaren etxerantz jaitsiko dira (bigarren anoa-postua). Bidezidorretik, landa batera iritsiko dira, eta ezkerreko bidetik Toloñorantz igoko dira, lasterketa luzearen kasuan. Proba laburrean, ‘Hiru marran’ kokapenera jaitsiko dira, eta bide horretatik jarraituko dute (anoa solidorako eta likidorako postua), Zazpiturriko zelaietara iristeko, eskuinerantz doan desbideratzea hartu eta aurre gailurrera igo eta handik luzetara kokatutako postontzi biak zapaldu. Behin postontzi biak dauden tokira iritsita, kronometratutako pasabidea egingo da Toloñoko monasterioaren hondakinetatik (hirugarren anoa-postua). Hortik aurrera, jaisten hasiko dira “txorroetatik”, Santutxoko Kristorantz eta San Gineserantz (laugarren anoa-postua). Handik, Matxinbraoko bidetik, Gaztelua izeneko gailurrera jaitsiko dira, eta Sopalaziotik Larrazuriako arkurantz jaitsiko dira, Bakearen plazan bertan amaitzeko.

 Bastida Vital Trailen (23,5 km) 18 eta 60 urte bitartekoek parte har dezakete, eta adin txikikoek 14'7 km-ko proban. Gehienez 500 lagunek har dezakete parte, proba luzean federatuentzako eta federatu gabekoentzako 300 plaza izango dira eta kirolari gazte eta herrikoientzako 200 plaza proba laburrean. Ibilbidea osatzeko gehieneko denbora 3 ordu eta erdikoa izango da lehenengo proban, eta ordu bi eta erdikoa bigarrenean. Izena ematearen prezioa 35 €-koa izango da distantzia luzerako eta 25 €-koa laburrerako.

 Bastida Vital Trail Txikik euro bateko prezioa izango du eta 12:00etan aterako da Bastidako Bakearen plazatik. Ibilbideak alde zaharraren inguruak hartuko ditu eta 14 urtetik beherako haurrek parte hartu dezakete, familiakoek lagunduta edo laguntzarik gabe.

 "Proba horrek izaera berezia du; izan ere, antolatzaileek balioak lehenesten dituzte eta hala ikus daiteke izena emateetan, Bastida ikastolarako eskola-materiala bilduko baita, nahiz lasterketak amaitzean, ez baita podiumik egongo eta lehenengo hiru sailkatuak altuera berean egongo dira. Gainera, izena emate bakoitzeko euro bat emango dio dohaintzan antolakuntzak bularreko minbiziaren aurkako Arabako elkarteari". 

 Lasterketa amaitzen duten lehenengoek, gizonezkoen eta emakumezkoen kategorietan, 500 euro eta duten pisua ardotan jasoko dute; bigarrenek, 300 € eta garaikurra; eta hirugarrenek, 150 € eta garaikurra. Gainera, ardo-sariak emango zaizkie sailkatutako lehenengo, bigarren eta hirugarren taldeei. Azkenik, Bastidako Upeltegi eta Mahastien sari berezia emango zaio Toloñoko postontzira iritsi eta lasterketa osoa amaitzen duen lehenengo parte-hartzaileari, bai gizonezkoen kategorian, bai emakumezkoen kategorian.

 Bezperan, irailaren 1ean, ostirala, haurrentzako antzerkia izango da 19:30ean Bakearen plazan.