“Programa irekia, denbora, proiektu irekia, irmotasuna, argitasuna, geometria, egitura, egitura, azpiegitura gehiago. Cedric Price interesatzen zaigu. Herreros interesatzen zaigu. Alejandro de la Sota interesatzen zaigu, baina gehien interesatzen zaiguna da erraztasunak ematea, irautea baino gehiago. Izan baino gehiago, ahalbidetzea. Teknika da erantzuna. Baina, zein zen galdera? Ez da aisialdiko zentroa. Ez da kiroldegia. Izan daiteke parke bat? Anti-building bat izan daiteke. Gutxienez, eraikin bat barrualderik gabe. Eraikin huts bat.” Azaldu dutenez, horrela hasi ziren eraikinarekin.
Senari jarraituz BeAr estudioko kideek “zerbait” eraiki dute Mallabian (Bizkaia). Iñigo Berasategik eta Ane Arcek gidatzen duten estudioak arkitekturaren aukerak praktika diskurtsibo gisa esploratzen ditu. 2018an AZAB-en ekin zioten bideari, egun BeAr-etik jarraitzen dute. Azpimarratzekoa da 2019an Euskal Arkitekto Gazte Onenen Peña Ganchegui saria irabazi zutela; eta 2020an, berriz, Egurtek saria. Proiektu freskoak eta ezberdinak gauzatzen dituzte; koloredunak, biziak, zintzoak eta sinpleak. Hori dela-eta, forma estetiko berriak eta kalitatedunak eraiki dituzte Euskal Herriko panorama arkitektoniko baxu honetan. Batzuetan ulergaitzak izan daitezke; bestetan, aldiz, oso erraz uler- tzekoak. Denetan, bestelako zerbait mimoz egin dute. Deitu arkitektura, deitu zerbait.
Zubitegiko kirol parkearen proiektua ezagutzerakoan honako gabeziak apuntatu nituen: ulertu gabeko elementuak, amaitu gabea ematen du, aterpe handi gabea eta belarguneak zaindu gabeak. Gabeziei bide emanez, eta proiektuak horrela bultzatuta, hauek logika batean kokatzen dira. Elementu bizigarri eta dinamiko baten bidez, araztegi zahar batek degradatutako eta hondatutako ingurune naturala berreskuratzen dute. Altzairuzko azpiegitura ireki bat planteatzen da, oso-oso sinplea eta erabilgarria. Espazio urbanoarekin lotura egiten duen “zerbait” honek, aisialdi eta kirolerako elementuen bidez behar eta programa bati erantzuten die. Itxitura gabe planteatzean den azpiegitura eraikina izatetik aldentzen da eta kalea bilakatzen da.
Egileen hitzetan “jarduera erradikaltasun pragmatikoarekin uztartzen da, eraginkortasuna, baliabideen optimizazioa eta sinpletasuna ospatuz. Zubitegi Kirol Parke berriak erradikaltasun formala du, instalazioen erabilera askea eta intentsiboa errazteko.” Esku-hartzeak inguruan integratzea eta herriarekin konektatzea bilatzen du, baita lortu ere. Arrapala baten bidez ibilbide bat planteatzen da, orubearen maila ezberdinak lotuaz eta bi leku ezberdinetatik sartzeko aukera emanez. Ingurune malkartsu eta degradatuan ibilbide atsegin bat sortzen dute, bere atera guneekin, natur arnas guneekin eta jarduerak ikusteko espazioekin. Hala ere, ibilbide honetan eserlekuak faltan botatzen dira.
Honen baitan, edo inguruan hobe esanda, programa ezartzen da. Elementu ezberdinen bidez arkitektoek belaunaldi arteko parkea eta inklusiboa lortzen saiatzen dira. Beraien esanetan, “murgiltze-esperientzia berezi bat sortzea dute helburu, sormenez eta askotariko jarduera eta erabilerez baliatuta”. Programa aldetik, oso elementu sinpleak dira: padel zelaia, zabuak, merenderoa eta altzariak. Herri askotan oso gustu gutxirekin eraikiko zirenak hemen modu elegante batean eraikitzen dira. Gustuz, mimoz, intentzioz eta intuizioz. Espazio seguru, lagunkoi eta atseginak sortzen dira, batzuk jada erabiltzen direnak eta beste batzuk denborarekin erabiliko direnak. Hala ere, programa aldetik elementu batzuk eraikitzeko falta dira.
Zerbait hau aitzakia gisa erabiltzen da lursail naturala irabazteko eta ekosistema jasangarri bat sortzeko. Gure aisialdiaz eta jarduera fisikoaz gozatzen dugun bitartean ingurumenaren aldetik hezteko balio du, edo hobe esanda, bestelako interakzio bat sortzeko. Zubitegi errekaren ertza berreskuratzea bilatzen da, bertako flora eta fauna indartuz. Hau erdibidean gera-tzen den sentsazioa dut. Hala ere, eraikuntza aldetik ere ahal den inpaktu txikiena eragitea bilatu da. Horretarako azaleko zimenduak erabili dira (hau da, lur sakonera txikian), lurraren gaineko eragina murriztuz eta lur-mugimenduak minimizatuz.
Finean ekosistema interesgarri bat eraikitzen dute. Interbentzioa jolas gisa hartu dute eta horren adierazlea da begien aurrean duzuen jolasartea. Gizarteko aisialdi-kirol beharrei erantzun bat ematen die, naturarekin erlazio bat eraikitzeko intentsio umilarekin, dena modu erlazional batean maisuki gauzatua eta estekikoki ederra. Kolorea, eraikuntza minimoak eta esku fina. Jolasa oinarri hartuta, gure bizitzak hobetzeko asmoz. Jolasa sar dezagun gure egunerokotasun eta arkitekturetan!