Parisera iritsi berri den neska errefuxiatu batek bere gurasoei egiten dien kontakizunean datza Europa Ekain Irigoien zinemagile donostiarraren azken lana. Bertan iritsi berri den hiria zein ederra den adierazten die haurrak. Ur azpian dago Paris, itsaso azpian, Eiffel dorrearen inguruan baleak dabiltza eta etxeko lanparen ondoan marmokak. Egunerokotasun eszenak, bizi-tza normala, ageri dira filmean, denak ur azpian.
Neskatoaren ametsa Europara iritsi eta bizitza normal bat egiteko aukera izatea da, hala, ume baten inozentziatik Paris utopiko eta distopiko batez jabetuko da ikuslea sei minutuko film laburrean. Azken asteotan, Bruselako Anima zinemaldian, Malagako festibalean, Eivissan, Madrilgo Creat Rivasen edota Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian eskaini ostean datorren astean Bilboko FANT zinemaldi Fantastikoan ikusi ahalko da.
2015. urtean Turkiako kostaldean itota azaldu zen Aylan izeneko hiru urteko mutikoaren irudiak munduari buelta eman zion. Irigoienek dioenez, azkenean argi geratu zen bizi garen mundu honetan irudirik ez duten errealitateak ez direla existitzen jendearentzat: “Irudi horrek nolabait mapan kokatu zuen aspalditik datorren Mediterraneoko arazoa”. Horregatik, ume baten inozentziatik, eta izan dezakeen ito aurreko azken amets horretatik, amets hori zein izan zitekeen pentsatzen jarri zen: “Iruditzen zi-tzaidan ez zuela hotsandiko ametsik behar”, azaldu du. Bestalde, urte berean Rural Zoombies talde gipuzkoarrak Golden abestiaren bideoklipa argitaratu zuen, non New York azaltzen den ur azpian. Hala, Europa sortzerakoan Aylanen argazkiak eta Goldenenak zituen buruan eta istorio indartsu bat sortu zitekeela iruditu zitzaion zuzendariari.
Neska baten inozentzia eta amesteko gaitasunetik tiraka, toki eder eta ametsen mundu batetik, errealitate eta arazo gordin bat salatzea zen Irigoienen asmo nagusia, eta horretarako, fantasiatik jo du bereziki lana sortzerakoan. Animazioa eta irudi errealak uztartu ditu, eta ur azpian bizi den gizarte bat erakutsiz mundu irreal batean kokatzen da Europa. “Guztiok dakigu zein polita den itsaso azpia, hiri bat itsaso azpian are politagoa da, baina guztiok dakigu ere itsaso azpian bizitzea ez dela posible”.
Etorkinek eta errefuxiatuek Europa utopiko batekin amets egiten duten bitartean, film honek Europak bizi duen errealitatea dakar. Inozentziatik eta utopiatik, baina Europa irreal bat erakusten du: ume batek imajina dezakeena baina goitik behera gezurra dena. “Egungo Europan gerrarik ez dagoela, ogi-xigorkiak gurinik ez duen aldetik erortzen direla edota emakumeak ez direla bortxaketen jomuga kontatzen du, besteak beste”. Zuzendariak dioenez, idealizazio horretatik erakusten du Europa, neskatoak hemen aurkitzea espero zuenaren bitartez. “Egia da, noski, gerra batetik datorren neskato batentzat askoz gogorragoa dela atzean uzten duena Europan aurki dezakeena baino”, adierazi du.
Jatorrizko hizkuntza eta pertsonaiak Zinemagileak argi zuen protagonista errefuxiatu bat izatea nahi zuela, fikzioa izanik ere balio gehigarri bat ematen ziolako. Hala, produkzio eta logistika kontuak medio, pantailan ageri den neskatoa haur saharar bat da, Oiartzungo saharar errefuxiatu taldekoa. Lubna haur protagonistaz gain, Iruñeko neskato bat, Donostiako Zuhaizti Eskola Publikoko zenbait ikasle, eta Irigoienen senitarteko eta lagunek gorpuzten dute filma. Azken finean, gertuko jendeaz inguratu da zuzendaria lana egiterakoan. “Aktoreak ez badira ere plano neurtuak izatea eta elkarrizketarik ezak, hots, spot baten planteamenduarekin joan izanak asko erraztu zigun”. Interpretazio aldetik gauza errazak zirela azaldu du Irigoienek. Frogak egin zituzten batez ere protagonistekin kamera aurrean izutu beharrean kamerarekin harreman on bat izan zezaten. “Egunerokotasuneko eszenak soilik ikusten dira eta nahikoa izan zen kamerara ez begiratu eta egoerak jartzearekin”.
Bestalde, pelikula bakoitzak bere hizkuntza du Irigoienen esanetan, horregatik uste du istorioak koka-tzen diren tokiaren eta protagonisten arabera hizkuntza bat edo beste erabili behar dela. Alde horretatik argi zuen protagonistaren ahotsa siriarra behar zela izan. “Istorioak behar zuen siriarra izatea gerra horretatik ihesi zetorren neskato baten azentua izan zezan”. Madrilgo Hizkuntza Eskolan aurkitu zuten bila-tzen zebiltzan off ahotsa izango zen tonu egokiena, pelikularen sentimendua hobekien transmitituko zuena. Ahotsaren tonuak eta irudiek transmititzeaz gain, azpitituluek laguntzen dute esaten dena ulertzen.
Lokalizazioei dagokienez, aldiz, Parisen gertatzen da film osoa baina lantaldeak ez du Paris zapaldu. Donostian grabatua izan da. Hain zuzen ere, grabatutakoaren gainean digitalizazio lanetan aritu direnek Paris sortu dute. Ulia, Urgull eta Igeldo kendu dituzte, hiria handitu eta Eiffel dorrea Donostiako teilatuen gainean jartzeko. Louvre museoaren kanpoko aldea eta Garaipen Arkua, adibidez, digitalak dira.
Sei minutuko lana osatzeko joan den abuztuan hiru egunez aritu ziren grabaketa lanetan. “Azken sekuentzia irailean, hondartzak hustu zirenean, grabatu genuen”. Grabatutako guzti hori digitalki itsasoratzen baina ia urte erdi eman dute. “Luzeagoa izan da, baita zailagoa ere”, aitortu du Irigoienek. Konplexutasunari dagokionean, aldiz, teknikoki grabaketak slow motion (kamara geldoa) teknika erabiliz egin beharra ere ez zela lan xamurra izan azaldu du.
“Ileak eta arropak etengabe mugi zitezen haizea eman behar genuen itsaso azpiko mugimenduak irudika-tzeko, bi metroko haizagailuak erabili genituen horretarako”. Elkarrizketarik behintzat ez da ageri eta alde horretatik erraztu egin die. Era berean,dramatizazioa istorioak berak dauka bere baitan, horregatik neurri batean filmak kolore apalak ditu. Hasieran kolore gehiago zeukala aitortu du Irigoienek, baina azken momentuan koloreak nabarmen jaistea erabaki zuten “filma hain alaia izan ez zedin”. Azkenean, itsas azpiko ukitua emateko zuri-beltzera tiratu zuten urdin kutsuarekin, tindua galdu balu bezala.
Gai sozialak nagusi Lan polita dela aitortu du zuzendariak, errealitate gordin batetara toki eder batetik iristen dena. “Mediterraneoan arazo potolo bat dugulako ikusi beharreko filma da, datozen ume eta etorkin horien azalean jartzen laguntzen digu”. Hala, estreinatu dutenetik, harrera nahiko ona izaten ari dela adierazi du, eta nola funtzionatzen ari den ikusita. jaialdietan parte hartu eta sariak lor-tzearekin gustura dago. Hala, egin izan dituen lanekin alderatuta. hasieran zuen ideiatik gertuen film hau geratu zaiola adierazi du. “Sekuentzia batzuk kendu egin behar izan nituen grabaketetan ez zirelako nik nahi bezain ongi geratu, baina esan dezaket hasierako ideiatik azken produktura bata bestearengandik oso gertu geratu zaidala, agian espero baino hobea, ez baitzen lan erraza” nabarmendu du. Era berean, adierazi du 2020. urtean egin zuen Hijos de Dios film luzearekin alderatuta, oraingoan zazpi minutuko lana egiteko aurrekontu bikoitza izan duela. “Aurreko hura nolabait gidoirik gabe egin nuen errealitatera ahalik eta gehien gerturatu nahi nuelako. Gauzak gertatzen ziren heinean errodatuz. Oraingoan, aldiz, dena oso neurtua izan dut, gidoi itxia eta plano neurtuak denboraz eta tokiz”.
Orain arte bere lanetan gai sozialetara jo izan du Irigoienek, nolabait kontzientziak astintzeko nahiak mugitu du filmak egiteko orduan. eta barruak eskatzen duena egin ohi du. Gutxienez. bere barneko korapiloak askatzeko. “Laguntzeko balio baldin badu hobeto”. Irudipena du zinemak balio dezakeela pertsonak hobetzeko. “Mundua pertsonez osatuta dagoenez. pertsona hobeagoak egiteak mundua hobe dezakeen irudipen hori daukat, agian irudimenezkoa edo nire beste amets bat izango da”.
Etorkizunera begira, duela urtebete Eusko Jaurlaritzako diru lagun-tza bat jaso zuen Irigoienek Sasiak pelikularen gidoia bukatzeko. Horrekin buru belarri jarri nahi luke orain hori egiten saiatzeko. “Gidoia bukatuta dago, zailena falta da: dirua lortu eta pixkanaka bidea aurrera egitea grabatu ahal izateko”. Espetxetik atera berri den eta bere amaren etxera bueltatzen den bortxatzaile baten istorioa kontatzen du Sasiak filmak. Ama herri txiki bateko baserri batean bizi da, eta baserria sasiak jana dago. Protagonista etxera itzultzen denean inork ez du bortxatzaile hori herrian nahi eta etxea sasietatik garbitzen hasiko da, baina herritarrentzat sasia beti da sasi, kendu arren beti ateratzen da. Amaren ikuspegitik kontatua dago istorioa.