Arreta. Gizarte bat daukagu zeinari kosta egiten zaion arkitektura patxadaz gozatzea, zeinak eraikin bat behar baino azkarrago bisitatzen duen -beti duelako beste monumentu bat zain-, zeina oso nekez itzultzen den bisitatutako eraikin bat berriro ere bisitatzera, eliza edo monumentu horri egin dizkion argazkiak kontsultatzera, egin dizkion argazki horiek nonbait gordetzera. Gizarte bat daukagu zeinari kosta egiten zaion etxeko lasaitasunaz gozatzea mugikorra begiratu gabe; gizarte bat daukagu ez diona bere buruari barkatzen denbora galtzea, geldi egotea. Hala, webgune batean hurrengo oporretan bisitatuko duena ikusten jarriko da, denbora pila bat egongo da hura planifikatzen, ez dadin gertatu behin joan, eta zer eta museoa itxita egotea.
Gizarte bat daukagu, zeinaren parte handi batek eguna igarotzen duen pantaila batetik bestera jauzika, sare sozial batetik bestera saltoka; Pinteresteko altzariak, Instagrameko historietako erreformak, Ikeako azken katalogoa; segundo gutxiko bideoak kontsumitzen etengabe (feat. Itziar Ugarte). Inguruan dagoenari erreparatu gabe. Barruan dugunari kaso egin gabe. Arreta.
Arreta. Zer da arreta arkitekturan? Non jartzen dugu arreta espazio bat bizitzean? Zer sentitzen dugu espazio bakoitzean? Zenbat denbora igarotzen dugu gure etxean? Zer egiten dugu espazio bakoitzean? Eta arkitekturak eraikitzean? Nola eragiten du arkitekturak gure arretan? Arretan, zer ezkutatzen edo erakusten dute arkitekturek? Zer da arreta, eta zergatik da gako gaurko munduan? Nola bizi dituzte gure zentzumenek hiriak? Arreta.
Arreta. Presentzia da, hemen eta orain. Adi egotea da, presente egotea da, bost zentzumenetan.Arretaren eklipsia liburuan aipatzen da, gaur egun arreta lan negatibo bat dela. Gauzak kentzea, des-satura-tzea, tarte huts bat zabaltzea, zenbait gauzari uko egitea, automatismoen gurpil zanpatzaileari ahal beste makila sartzea. 2023ko Mugak / Arkitektura Bienalaren leloak honela dio: Berreraiki, berpiztu, berrasmatu. Arreta.
Arreta. Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalean antolatutako Bodies as data sensing (BADS) tailerrean arreta praktika eta posizionamendu tenporal-espazial gisa jorratu da, gorputz somatikoen bidez elementu ezberdinak antzemanez. María Auxiliadora Gálvez arkitektoak gidatu du eta tailerra hiria banatutako kognizio-bitarteko gisa ulertzera bideratu du. Pertsonok hiriarekiko pertzepzioak egintzat ematen ditugun garai hauetan, aurre egiteko sinestesia bezalako akatsak ikerketa-ibilgailu bihurtzea aldarrikatzen du Auxiliadorak. Arreta.
“Esperientzia kolektiboa honen bidez, hirian ezkutuan eta, aldi berean begi bistan, aurkitzen diren xehetasunetan jarri dute arreta”
Arreta. Txikitatik irakasten digute bost zentzumen ditugula kanpoan dagoenaz jabetzeko edota errealitatea hautemateko. Usaimenaz, dastamenaz, ikusmenaz, entzumenaz eta ukimenaz baliatuz barneratzen dugu inguratzen gaituena. Pertsona ba-tzuei zentzumenak nahasten zaizkie. Kanpotik estimulu bat jasotzen dutenean, horri dagokion zentzumenarekin jasotzeaz gain, beste zentzumen baten informazioarekin ere jasotzen dute errealitatea. Esaterako, kolore bat ikustea nota bat entzuten dugunean edota eskuineko masailean zerbait sentitzea limoi bat jatean. Zentzumen nahasketari sinestesia deitzen zaio. Arreta.
Arreta. Sinestesia kontzientzia har-tzeko tresna gisa aurkeztu du. Izan ere, sinestesia, sentikortasun kosmikoaren eta komunitarioaren prototipo gisa, oso presente egon da arkitekturaren eta politikaren arteko harremanean (horren adibideak eman ditu), zentzu kolektibo baten paradigma izanik. Horri tiraka, parte hartzaileek, Alderdi Eder parkean kokatzen den Argi pabiloetik aterata, sinestesia urbanoa martxan jarri dute, arreta aldirietan jarrriz. Donostiko lau espazio ezberdinetan hainbat esperientzia somatikoetan oinarrituz hiria beste modu batean hauteman dute, zeinetan hiriko ezkutuko organismoek ahotsa hartuz duten, eta denon artean sentsibilitate amankomun bat eraiki duten. Arreta.
Arreta. Esperientzia kolektibo honen bidez hirian ezkutuan, eta aldi berean begi bistan, aurkitzen diren xehetasunetan jarri dute arreta eta horiekiko posizionamenduak hiria beste era batean ezagutzera bideratu ditu. Nork bere gorputzetik, modu kolektiboan, espazio urbanoa ikertu du, hirian dauden elementuekin erlazioan jarriz eta esplorazio kognitibo hauek errealitatea eraldatzeko gai den tresna izan daitekela erakutsi dute. Arreta.
Arreta. Diseinu urbanoan giza mundutik haratagoko irakurketa politiko bat beharrezkoa da eta bide horretan beharrezkoa da ere arreta. Begien aurrean dagoenetik aurrerago sakon-tzeak, lehen sentsazioa egiazkotzat ez emateak, hutsuneak plantea-tzeak, adi egoteak… sentikortasun komuna eraikitzea ahalbidetuko dute. Fernando-Savaterrek dio arretaren berreskuratzea munduan egoteko beste modu batzuk sortzetik igarotzen dela eta gehituko nuke afektu/desio/pasioei lekua egiteko nahitaezkoa dela. Arreta.